Orotarik | 2026ko Apirilaren 02a
Kukumarro
Xarles Videgain
Apirila
Urteak hamabi hilabeteak baditu. Hauetan ikusten da izen zaharra latinetik etortzen den ala ez. Urtarrila eta otsaila ez dira latinetik heldu bainan ondokoak bai: martxo, apiril, maiatz eta berriz ekain, uztail, agorril, irail, urri, azaro euskal ondarekoak dira.
Zendako ote? Agian historian gaindi urtea noiz hasten zen kanbiatu baita? Egin behar litekeen bezala ez dut zilatu.
Goazen ikustera apirila nondik heldu den. Apiril Euskal Herri guzian ezagutzen da guti edo aski: aprilla, apribil, apibil, apil bainan nagusiki apiril. Hitza agertzen da euskaraz 1501ean. Hizkuntza erromaniko guzietan ere a’prile hitz zaharretik etortzen da, “avril”, “abril”, “abriu”. Iduri luke izan zirela latinaz aitzineko denboretan jendeak Aprilius eta Aprilia deitzen zirenak eta izen horiek atzematen dira harri zonbaitetan zizelkaturik Grezian, Istrian edo Alpes honaindiko Galian.
Euskarak apiril hitza kanpotik hartu balin badu ere, aldiz bere marka berezia eman dio euskaraz dagoen legea jarraituz, auzoan zimenki segitzen ez dena. Ezen hitz batean agertzen badira br, pr, kr bezalako soinuak, euskaldunek ez dute aise ahoskatzen ahal eta br, pr hartan e, i edo beste soinua sartzen zuten zaharrek eta guk ere. Segretu hitza zail zaigu eta beraz segeretu diogu ausarki. Hortik dator apiril, “i” bat gehituz. Barka hitz barbaroa aipatzen balin badut baina euskarak egiten duen moldatze hori anaptyx deitzen da!
Ba omen da beste hitz bat euskaraz apirilaren ordez, jorraila; baina honek gauza anitz baditu bere kontra. Lehenik ez da hitz hedatua, eta gehiago dena, erabiltzen delarik, nonbait martxoa da, beste nonbait apirila, eta beste nonbait maiatza. Jorratzeko hilabetea erran nahi luke bainan erran gabe doa ez dela fidatzen ahal hitz eder honekin eta apiril hitza egon da nagusi. Eta nonbait apiriletik lerratu da euskara abereil hitzeraino abereen hilabetea balitz bezala. Dudarik gabe, azalpen hori asmatua izan da eta ez du arrakasta handirik.
Apiril hilabetea mintzatzeko manera frankotan sartzen da bereziki aroari eta eguraldiari buruz. Beste behin zotal-egunak aipatu nituen eta bereziki artzainak ez zirela goizegi abiatu behar bortura, ez maiatza gabe beti ere. Habila omen zen Behorlegiko artzainak galdu zuen bere artaldea apirilean Iratira iganik eta han elur erauntsi batek leherturik.
Beraz apirila, martxoa bezala, neguaren eta primaderaren arteko lotura edo gontza bezala ageri da.Hori adierazten du erranaldi batek: Martiak (martxoak) buztanaz, apirilak bularraz, hots martxoak bere azken egunak eta apirilak bere lehen egunak gaizto ukaiten dituztela. Ezaguna da ere hilabeteek egunak elkarri mailegatzen ahal diotela aroa aldatuz. Eta mailegu horiekin gaizki atera zela otsaila bizpahiru galduz. Ondorioz apirila ez da hilabete barea eta Erronkarin entzuten zen: Aprile on ekusi behar duenak ehun urtez behar du bizi. Nik badut ehun urte eta ez dut onik bakoitzik ere ekusi. Esperantza ez gal beraz ehun urte egiten ez duguno.
Euria aipatzen du ondokoak: Apirila euritsu urte ogitsu. Edo apirileko euriak balio du ardi-arkina hoberena. Erdaraz ere “Apiril aguas mil”. Edota apiril ihintze, ogi urte edo apiril hotxpil, gero ogi bil. Denetan azpitik badago ondoko gosearen beldurra eta apirileko euriak on egiten duelako segurtapena.
Gauza bat aipatu behar dut; apiril eta biribil, biak usu emanak dira elgarrekin nahiz biribil hori zer den ez dudan beti argi hautemaiten. Agian irakurleari garbi zaio. Konparazione, Baigorri aldean eta Baztanen urdea aipatzen da. Apirila biribila, urdandegian urde hila. Bistan da apirilean urde hiltzea urrun izan behar dela baina beste zerbait erran nahi duke erran honek. Biribil honek adierazten omen du zerbait biziki laster igaiten dela eta apirila beraz laburra dela iduri duela. Egia? Zernahi gisaz, Garazin biribil hortaz luzatzen zuten erranaldia: Apirila, biribila, urdandegian urde hila. Urdezaina hesi-artean, gasna puxka hortzen artean, arto puska galtzarpean. Izan balitu aintzintzean, etzukeen hilen agian. Ondoko lerroetan gasna aipatzen duen erranaldia ematen dut.
Lili bat goiz agertzea laudatzen du ondokoak: Apirileko lorea urrea baino hobea. Eta Zerbitzarik zioen: Apirileko erlea enetzat, maiatzekoa anaiarentzat. Gaiztoa izan gabe pentsa daiteke apirileko erlea beraz hobea dela.
Erlea eta gasna. Oroitzen naiz Baigorrin Marcel Errotabehere jaunak eman zidan erranaldiaz. Lehen erraiten omen zen: Hi gasna bahintz ez hintzateke apirileko gasna!
Gaitik kanpo jakin nahi nuke april deitzen den arraina norbaitek ezagutzen ote duen. Bizkaierazko hitza omen da. Ez nahas haatik Iparraldean, ez Hegoaldean, apirileko lehenean ospatzen den apiril-arrainarekin. Arrain honek ez baitaki igerika. Baina luze izan liteke apiril arrainaz solas egitea.
Apirilak beraz euskalduna mintzarazten du. Egia erran, gehienetan, laborari munduaz. Baina apirileko aroak ez ote ditu herritar guziak hunkitzen?










.015807.jpg)

