Han eta Hemen | 2026ko Maiatzaren 14a
Etxepareko ikasleek baxoa euskaraz
Maiatzaren 5ean, Etxepare lizeoko ikasleek prentsaurrekoa eman dute lizeoan bertan, ekainaren 12an pasatu behar duten baxoko froga euskaraz eginen dutela jakinarazteko.
Ikasleen desobedientzia
Aurtengo berritasuna da leheneko ikasleek matematikako proba frantsesez pasatu beharko dutela. Erabaki kolektibo baten ondorioz, Etxepare lizeoko leheneko ikasleek baxoko matematikako froga euskaraz eginen dutela jakinarazi dute. Erabaki horrek burasoen, irakasleen eta langileen babesa du.
Seaskak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu dute, nahiz Hezkuntza Ministerioak ez duen onartu.
Gibela pauso hori salatu dute Etxepareko ikasleek, oroitaraziz lehen matematikako froga euskaraz pasatzen ahal zela. “Injustizia” hunen parean, aurtengo frogan euskaraz idatziko dutela erabaki dute.
Ikasleek badakite desobedientzia-ekintza horrek ondorioak ekar ditzakeela, euskaraz egindako azterketak ez baitira zuzenduak izanen. Horregatik, ikasle guziek ezin izanen dute bururaino joan. Hala ere, proba hizkuntza batean edo bestean egin, azpimarratu dute erabakia elkarrekin eta kolektiboki hartu dutela.
Azterketak euskaraz aldarria urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi eramaten baita, ikasleek baxoa euskaraz pasako duten lehen belaunaldia izan nahi dutela aldarrikatu dute.
Aldarri zaharra
Azterketak euskaraz pasatzeko aldarria ez da gaurkoa.
Frantses estatu osoan egiten diren frogak izanez, frantsesez pasatzea inposatua da, nahiz ikasle batzuen kasuan ttipidanik euskaraz edo beste hizkuntza batean ikasi.
Hala ere, oroitarazia izan da historia eta geografiako azterketak euskaraz egin ahal ukan zituztela hainbat belaunaldik, salbuespen gisa. Horrez gain, 2012tik nahi zuten ikasleek matematikako froga euskaraz pasatzeko aukera ukan zuten. Baina 2019ko baxoaren erreforma berriaren ondorioz, urtean zehar ikasleek lortu dituzten notei garrantzi gehiago ematen zaie, paraleloki urte hondarreko baxoko azterketak frantsesean pasatzera behartuz.
Desobedientziaren bidea ez da berria: brebeta euskaraz lortzeko ere baliatu izan da, eta baxoan, 2021ean, Etxepare lizeoko 40 ikaslek jadanik bide bera hartu zuten, filosofiako proba euskaraz erantzunez.
Petizio bat abiatua izan da sarean, aldarria hedatzeko. www.mypetition.org plataforman aurki daiteke.












