Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Maiatzaren 14a

Parropiako berri - Maiatzaren 8a - Elgarretaratze - Heraitzeko bestak - Pilota

Ospakizunaren ondotik
Ospakizunaren%20ondotik

Parropiako berri

Igande huntan, Errobiko Salbatore parropiako eta Hiriburuko 20 bat gaztek errezibituko dute konfirmazioneko sakramendua Jondoni Bixintxo elizako (10:30) mezan, Beitia apezaren eskutik. Ondoko igandean Mendekostez (10:30), meza Jatsun emana izanen da herriko besta kari; meza hortan gaztetxo batzuek eginen dutela beren bataioko agintzen erreberritzea. Mendekoste astelehenez usaiako beila eginen da Salbatore kaperara. Oinez doatzinendako abiatzea egiten da Jatsuko plazatik (9:30) eta meza segidan emana izanen da.

Maiatzaren 8a

Herri gehienetan bezala ospatu da maiatzaren 8a Uztaritzen gelditzen diren gerlari ohien inguruan. Hauen elkartea desegina izanik, iragan urteaz geroztik Herriko Etxeak du antolatzen, eta lehen aldia zen Piero Rouget auzapezak egiten zuela. Hauteskunde aitzinetik hitzemana zuen ohidura segitzea. Ederki iragan da, San Frantses kolegioko gaztetxo batzuek parte hartu dutela eta beti bezala Labourdins elkarteko soinulariak lagun. Hitza hartua da San Martin egunean ere segitzeko.

Elgarretaratze

Piero Rouget auzapezak eta herriko kontseiluak proposatzen diete elgarretaratzea elkartetako arduraduneri maiatzaren 19an, asteartez (19:00), Lapurdi gelan. Topaketa horren helburua da oraiko hautetsien ezagutzaren egitea eta elkarte bakotxaren beharrez edo gorabeherez mintzatzea. Jakin behar da Uztaritzen 90 bat elkarte badirela sail guzietan: kirola, kultura, ekintza sozialak, musika eta abar... Ez da beti errex deneri plazer egitea, hortako bilkura hori baliagarri izan daiteke.

Heraitzeko bestak

Heraitzeko bestak iraganen dira maiatzaren 13tik 17ra. Huna zer duten egitarauan: Asteazkena 13: (18:00) pilota esku-huskako txapelketaren finalak; (20:00) auzoen zintzur bustitzea Loaziz taldeak alaiturik. Ortzeguna 14: (14:00) mus txapelketa (parte hartzea 24 euro talde bakotx), saria 300 euro irabazleentzat. Ostirala 15: (14:00) petanka txapelketa Lagunekin elkarteak antolaturik, parte hartzea 5 euro. Izenak eman telefono hauetara: 06-80-44-66-37 edo 06-61-87-14-81; (19:30) zikiro jatea (23 euro) Edantza taldeak alaiturik. Larunbata 16: (13:30) birla txapelketa Lagunekin elkarteak eskainirik; (18:30) taloak eta mutxikoak; gau osoan musikaldiak: (20:00) Mul'n Jul; (23:00) Lapatina txaranga; (00:30) Kilimak; (02:30) DJ Doli. Igandea 17: (10:30) meza Santa Katalina kaperan; (11:30) Ur Begiren danborrada; (12:30) pintxoak plazan elkarteek eginik; (15:00) haurren eguna (pailazo, pottoka ibilaldi eta abar); (16:00) kantaldia kaperan “Eklore” diskoa Julie kantariak aurkezturik; (17:30) dantza ikusgarria Izartxorekin; (18:30) taloak eta mutxikoak plazan. Besta on deneri.

Pilota

Euskal Ligako udako txapelketaren kondu, errebotean partidak segitu dira asteburuan eta emaitzak Kapito Harrirentzat hauek dira: larunbatean Baionan helduetan A mailakoak nagusitu zaizkio Baionari 13/12; igandean B mailakoak Kanbon nagusitu zaizkie kanboarreri 13/10; C mailakoak ere Atharratzen nagusitu zaizkie xuberotarreri 13/0; gazte mailan Bilgunen Kapito Harrik galdu du Noizbaiten kontra 3/10. Bi joko garbi partida ere baziren Bilgunen jokatu direnak, emaitzak: helduetan D mailakoek galdu dute Saliesen kontra 35/40; kimuen taldea aldiz nagusitu zaio Donapaleuri 40/33.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3834. zbk

Gure Hitza | 2026/05/14

Pobrezia gainditu

Menane Oxandabaratz

Hazkurri Bankuak primaderan eskoletan janari bilketa antolatzen du. Karia horretara Senpereko Zaldubi ikastolara joan naiz esplikatzera zergatik janari bilketa egiten zen eta zein pertsonek eskuratzen zuten. Haur horiek entzuten dutenean familia batzuk pobrezian direla, beste batzuk karrikan… hots zailtasunean diren pertsonak lagundu behar direla, zer ulertzen dute?

RSArekin bizi den pertsonatik hasiz… langile klase ertaineraino, anitz zailtasun ekonomikoan dira. Pobreziak edonor hunkitzen du: langabetuak, buraso bakarreko familiak, langileak, urritasunean direnak, etxerik gabekoak edota adinekoak. Pobrezia murrizteko, ordainsari apalak emendatu behar dira, gutieneko sozial minimoak goratu behar dira, kalitatezko enplegua garatzea ezinbestekoa da, zerbitzu publikoen laguntzea begi-bistakoa da.

Badu urteak jendeen artean desberdintasunak handitzen ari direla, aberatsen eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016