Herriz Herri - Urepele (NB) | 2026ko Maiatzaren 14a
Heriotze - Euskal Trail 2026 - La Fuga Kirola eta Oroimena - “Batzen gaituzten mugak” - Urepeleko marka
Heriotze
Itzali da Piarre Bidondo, sortzez Urepele Muttikoinekoa. Duela 94 urte sortua zen. Ezkontzaz, Aldude Koxkarterat joan zen.Han, Ttattin bere espos lagunarekin hiru seme-alaba hazi zituzten laborantzan biziz bidenabar. Muttikoinea bere sortetxeari arras atxikia zen eta hurbiletik segitu du.
Oroituko gira Piarre nolako eleketari pollita zen, muslari fina eta kantari ederra.
Gure doluminak eskaintzen dizkiegu seme alaberi, suhi eta haur ttipieri, baita arreba, koinata eta familiari.
Euskal Trail 2026
Euskal Trail lasterketa abiatuko da Urepeleko plazatik maiatzaren 15 eta 16an.
Errege bidea moztua izanen da gure herrian. Desbideratzea antolatua izanen da eta pasatzeko baimena edo “pass” delakoak izanen dira Herriko Etxean. Han hartu behar dituzte karrikan eta gaineko karrikan bizi diren herritarrek.
La Fuga Kirola eta Oroimena
1938an Ezkabatik, La Fuga deitu Europako ihesaldi handienetariko baten oroimenetan iraganen da 53km-ko mendi lasterketa maiatzaren 17an, igandez.
Ezkabatik abiatuko dira Urepelerat heltzeko. La Fuga Kirola eta Oroimena Mendi taldeek antolatzen dute.
Herriko gazteek ostatua atxikiko dute ezkerparetan.
“Batzen gaituzten mugak”
Bi hitzaldi izanen dira maiatzean, 1856an finkatua izan zen Baionako tratatuaz edo hitzarmenaz eta hunen ondorioez 170 urte berantago.
- Lehena iraganen da Sorogainen, Interpretazio Zentroan maiatzaren 16an (17:00), Mikel Ozkoidi Perez hizlari.
- Bigarrena, maiatzaren 30ean Urepelen, Amerikanoinea Interpretazio Zentroan (20:00), Claude Martinez hizlari.
Itzulpena segurtatua izanen da bi mintzaldietan.
Urepeleko marka
Aurten, Urepeleko marka maiatzaren 23an iraganen da. Xehetasun gehiago emanen dugu heldu den astean.











