Mundu zabalean | 2026ko Maiatzaren 14a

Jerusalem elkarbizitzaren ametsa

J.B.

Vincent Lemire
Vincent%20Lemire

Jerusalem, hiru aldiz saindua den hiria, anitz aldiz erraustua eta berriz eraikia. Pataska eta gerla gunea bainan bai eta ere mendeetan zehar, elkar bizitzarako hiria. Gaur egun juduek inposatzen duten zatiketa eta menpekotasun egoera ez da jasangarria. Denen eskubideen onarpenean eta partzuergoan dela aterabidea erraiten dauku Jerusalem hurbiletik ezagutzen duen Vincent Lemire ikerlariak bere azken liburuan: “Jerusalem, Historia ez da sekulan aitzinetik idatzia”.

Jerusalem, traba guzien herria

Jerusalemen luzaz bizi izan da Vincent Lemire historialari-ikerlaria, eta ongi ezagutzen ditu palestinarrek jasaiten dituzten trabak eta ezin bizia.

Jainko bakarreko hiru sinesmenentzat (judu, giristino eta musulmana) saindua den hiriari nazioarteko estatutu bat ezagutu dio ONU Nazio Batuetako Erakundeak 1947an, bainan ondoko urtean abiatuko den Israel eta arabiarren arteko gerlatik landa bi zatitan banatua izanen da hiria: Mendebaleko Jerusalem juduentzat eta Ekialdeko Jerusalem arabiarrentzat.

Gaur egun milioi bat biztanle bizi dira Jerusalemen, %60 juduak dira, %38 musulmanak eta %1 inguru giristinoak. Juduen proportzioa handitu zen 1967an sei eguneko gerlatik landa. Israelek orduan beretu zituen palestinarren auzoak. Geroztik Jerusalem ekialdeko eremuak okupatzen eta kolonizatzen ditu, han bizi diren 400 mila palestinarrak ez direlarik Israelgo hiritarrak bezala ezagutzen, “apartheid” egoera batean.

Azken urte hauetan judu-musulmanen arteko berexketa politika bultzatu du Israelek pareta erraldoiaren eraikuntzarekin eta denbora berean palestinarren auzoak osoki menperatzeko politika segituz, Jerusalem bateratua Israelen hiriburua dela deklaratu baitu, bere alde bakarretik eta nazioarteko eskubidearen kontra, 1980an.

Osoki zapalduak izanikan ere, beti Jerusalemen daude palestinarrak eta horien proportzioa handituz joan da 1967tik goiti, %25tik %40rat pasatuz azken 60 urtetan. Hiriaren parte zaharrean bizi diren jende gehien-gehienak (%85) palestinarrak dira oraino.

Gazaren kontrako gerla erabiliz, Jerusalemeko palestinarren eskubideak gehiago murrizteko eta inguruko eremuen kolonizazioa azkartzeko baliatu du Netanyahuren gobernuak.

Gainera joan den astean gertatu serora baten kontrako agresioak erakusten dauku, azken urteetako tendentzia segituz, judu ortodoxoen edo estremisten jokamoldea gogortzen ari dela giristinoen kontra ere.

Jerusalem aspaldiko hiri plurala

Alta, historia begiratuz, oraiko juduen nagusitasun inposatua ezin atxikia dela erraiten dauku Vincent Lemire historialariak. Erromatarren okupaziotik landa estatutu ezberdinak ezagutu ditu hiru aldiz saindua den hiriak. “Botere esklusiboak ez dira sekulan iraunkorrak izan Jerusalemen” oroitarazten dauku liburuaren idazleak. Azkenik, Erdi Aroan, masakreak eginez inposatu diren gurutzetiarrak Jerusalemetik haizatuak izan ziren 80 urteren buruan. Hiru otoizlekuak eta sineste ezberdinetako fededunak elkar bizitzan onartzen zituzten aginteak, bereziki musulmanak dira egonkorrenak izan.

Elkarbizitzaren ametsa

Gaurko egoera ikusita, zaila da aterabide baten asmatzea, gainera israeldar gobernu estremistaren azken erabakietarik bat delarik kolonizazioa biderkatzea Jerusalemeko Ekialde guzian Itsas Hila arte, Zisjordania bi pusketan moztuz. Horrela “Estatu palestinarra sortzeko xedea lurperatuko” dutela deklaratu baitu, espantuka, Bezalel Smotrich Israelgo gobernuko eskuin muturreko ministroak.

Osloko akordioek ateka gaixto batean kokatu dituzte palestinarrak azkenean. Vincent Lemirentzat aterabideak badira eta lurraldeen, herrien eta karriken partizioaren ordez, antolaketa berri bat posible da: dibertsitatea konduan hartuko duten arrondizamendu ezberdineko hirigunea moldatuz.

“Jerusalem pataska guzien erdigunea izanki, herri hortan da kopresentziaren laborategiaasmatu behar, Palestinako eremu guziarentzat baliagarria ditaikena” dio Vincent Lemirek. Ez badute denek elgar maite ere, denen eskubideak onartu behar dira.

Hainbeste pataska ikusirik, gauza batez segur da Jerusalemeko bilakaera hurbiletik aztertzen duen ikerlaria: “indarrez inposatu bakea ez da martxan, ez da bake iraunkorrik izanen justiziarik gabe”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3834. zbk

Gure Hitza | 2026/05/14

Pobrezia gainditu

Menane Oxandabaratz

Hazkurri Bankuak primaderan eskoletan janari bilketa antolatzen du. Karia horretara Senpereko Zaldubi ikastolara joan naiz esplikatzera zergatik janari bilketa egiten zen eta zein pertsonek eskuratzen zuten. Haur horiek entzuten dutenean familia batzuk pobrezian direla, beste batzuk karrikan… hots zailtasunean diren pertsonak lagundu behar direla, zer ulertzen dute?

RSArekin bizi den pertsonatik hasiz… langile klase ertaineraino, anitz zailtasun ekonomikoan dira. Pobreziak edonor hunkitzen du: langabetuak, buraso bakarreko familiak, langileak, urritasunean direnak, etxerik gabekoak edota adinekoak. Pobrezia murrizteko, ordainsari apalak emendatu behar dira, gutieneko sozial minimoak goratu behar dira, kalitatezko enplegua garatzea ezinbestekoa da, zerbitzu publikoen laguntzea begi-bistakoa da.

Badu urteak jendeen artean desberdintasunak handitzen ari direla, aberatsen eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016