Gogoa hazi | 2026ko Maiatzaren 14a

Leon XIII.etik Leon XIV.era mintzaldi debatea

Mikel Erramouspe


Denboran Stalinek galdegin omen zuen fededunez trufatzeko: “Aita sainduak zenbat soldadu dauzka?”

Trump presidentea ere entseatu da aita sainduaz trufatzea. Bainan ez du lortu isilaraztea. Alderantziz, mundu guzitik Leon XIV.ak bildu du sustengua. Vance presidente ordea ere bere burua katolikoa daukana, hasi zaio katixima egin nahian. Bainan hau ere tapatu du.

Urte bat huntan biziki diskretua izan den Leon XIV.aren nortasuna agertzen ari da. Kalmeki bainan fermuki erran du ez duela Trumpek iziarazten eta ez dela geldituko erran behar dituenaren oihukatzen.

Rerum Novarum-en erakaspenak

Duela 130 urte hor nunbait, Leon XIII.ak ere mezu ozen bat helarazi zuen garai hartan sekulako aldaketa, injustizia, zapalkuntza sortzen zuen industrializazioneari buruz. Zonbeit urte barne miliunka jende hiri handietara hurbiltzen zen miseriak beharturik eta lantegietan langile bilakatzeko. Langile baino gehiago esklabo. Kapitalismoaren eraginez aberats okituek dretxo guziak ukanki.

1891. urtean beraz, Rerum Novarum deitu letra publikatu zuen sekulako eragina ukan zuena elizan eta gizartean. Bakotxaren duintasuna, errespetua, mozkinen partekatzea, denen parte hartzea enpresaren kudeaketan aipatzen zituela… Hortarik sortu zen mugimendu azkarra orain ere dirauena: kooperatibak, langileen kapitalean parte hartzea bainan ere ekintza katolikoa (action catholique). Frantzian adibidez “semaines sociales de France” gogoeta saila hasi zen urtez urte aita sainduaren hitzak obratuak izan ziten.

Beraz industrializazioneak sortu desordreari behar zela ihardoki eta katolikoek ere behar zutela parte hartu mundu hobe baten sortzean aldarrikatu zen.

Mundializazioaren eragin makurrak

Gaur egun beste erronka klase bat dugu: mundializazioa. Gauzak ekoizten dira merkeena den lekuetan, hemengo eta hango langileen kaltetan, eta ingurumena xehatuz, kapitalak behin eta berriz handi-maundi bakar batzuek biltzen dituztela. Horri lotua da numerizatze, sare sozial eta orain adimen artifizialaren bitartez polliki-polliki deshumanizatzen ari gaituztela nahitarat. Gu ere esklabo batzu bilaka gaitezen.

Leon XIV.a aita sainduak laster “magnifica humanitas” izenburua lukeen entziklika berria argitaratu behar omen du gai horietaz 1891. urtean bezala gaurko iraultza hortan gure arima, duintasuna eta libertatearen defendatzeko.

Mintzaldi debatea ekainaren 3an

Gogoeta horiek erabiliz hain xuxen, Ipar Euskal Herrian sortu da talde bat “Semaines sociales de France” horren umea. Ikusiz ere politika sailean gauzak mintzen ari direla bi muturreko zentzugabeko alderdi populisteksua pizturik, talde horrek proposatzen du mintzaldi debatea, Baionako Largenté ikastetxean iraganen dena ekainaren 3an (18:30).

Alde batetik Benoit Rausher fraide dominikano teologoa eta bestetik Marie Christine Monnoyer ekonomista eztabaidan ariko dira gai huntaz: “Leon XIII eta Leon XIV.en erakaspenek zer balio dute gaur egungo munduaren sendatzeko?”. Bigarren parteanpublikoari emanen zaio hitza. Gaia: Euskal Herrian bizi diren esperientziak zer gisetara izaiten ahal dira erantzun egokiak eta berdin etsenplu ederrak gaur egungo krisiari begira?

Dudarik ez da mintzaldi-debate horrek gutarik anitz interesatuko duela. Ongi etorri deneri.



Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3834. zbk

Gure Hitza | 2026/05/14

Pobrezia gainditu

Menane Oxandabaratz

Hazkurri Bankuak primaderan eskoletan janari bilketa antolatzen du. Karia horretara Senpereko Zaldubi ikastolara joan naiz esplikatzera zergatik janari bilketa egiten zen eta zein pertsonek eskuratzen zuten. Haur horiek entzuten dutenean familia batzuk pobrezian direla, beste batzuk karrikan… hots zailtasunean diren pertsonak lagundu behar direla, zer ulertzen dute?

RSArekin bizi den pertsonatik hasiz… langile klase ertaineraino, anitz zailtasun ekonomikoan dira. Pobreziak edonor hunkitzen du: langabetuak, buraso bakarreko familiak, langileak, urritasunean direnak, etxerik gabekoak edota adinekoak. Pobrezia murrizteko, ordainsari apalak emendatu behar dira, gutieneko sozial minimoak goratu behar dira, kalitatezko enplegua garatzea ezinbestekoa da, zerbitzu publikoen laguntzea begi-bistakoa da.

Badu urteak jendeen artean desberdintasunak handitzen ari direla, aberatsen eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016