Orotarik | 2026ko Maiatzaren 14a
Kukumarro
Xarles Videgain
Bergara, zeina eta igaro!
Badira herriak fama ona badutenak edo ez hain ona. Frankotan, zendako ote den ez dakit arrazoin garbirik ez delakoan. Euskaraz ere herrien izenak baliatzen dira, gehienetan zentzu gutiesgarri batekin. Akamarrera eta hara joaitea diogu eta zakurraren ipurdira igortzea erran nahi du. Ahurtira joatea ez da pollit erraitea bainan goitika egitea adierazten du. Erdaraz ere badago “limoger” aditza, hots norbait bere kargutik kentzea eta Limoges-era igortzea, Limoges hiria zinez urrun balego bezala. Eta bestalde euskaraz epistolak deitzen diren mintzatzeko manerak badira: Asto handiak, Astüe, Belaunburu handi Senpereko eta beste.
Bainan Bergara zergatik? Garibay idazleak Bergara aipatzen du leku gaiztoa balitz bezala eta oraino entzuten da (Bergaran berean ez, araiz): “Bergara zeinatu eta igaro”, edota “Bergara zeinatu eta aigara”. Igaro horren ordez iragan konprenitu behar da.
Mezua argia da eta manatzen du: Bergara ikusi orduko zeina eta joan. Zeina lehenik, gerta daitekeen gaiztotik norberak bere burua gerizatzeko zeinatzen baitzen, aitaren semearen… erranez. Ematen du beraz Bergara lanjerosa dela. Alta ezagutzen dugun Bergara herri pollita da. Zaharra ere zeren eta 1050. urtean jadanik ezaguna baitzen. Historia aberatsa badu, hala nola karlisten denboran Bergarako besarkada deitzen den tratua. Hazparnetik jalgiak ziren Elhuyar anaiak ezagunak dira erakasle egon baitziren Bergaran eta aurkitu baitzuten wolfram edo tungsteno deitzen den minerala. Deus ez du ezagun Bergarak tzarra duenik edo besteetan baino tzarrago duenik.
1940an jadanik Julio de Urquijo euskaltzaleak Bergara defenditu izan zuen frantses berriketari bati Bergara bisitarazi ziolarik: karrika xarmantak, etxe-multzo bizi-bizia, Olaso dorrea edo jauregi zaharra, Monzon familiarena. Familia horkoa zen Telesforo Monzon, euskal gobernamenduko ministro izana, gero Donibane Lohizunen jarri zena, Herri Batasuneko aitzindarietarik izan zena eta antzerkia idatzi zuena hala nola “Hazparneko anderea”, Molièren pieza irringarria egokituz. Haren jauregian badago egungo egunean fundazio bat, izigarriko liburu eta dokumentu hautak atxikitzen dituena. Bergaran dagoen altxorra da, Iparraldeko dokumentazioa ere daukana.
Eta Bergaratik Iparraldera jin euskaldun frango ezagutzen ditugu, ez baitezpada salbaiak bainan jendekin eta karan. Oroit naiz ene aita zenak Bergarako laguna bazuela, Kiko deitzen genuena, gerletan anitz sufritu zuena, aurpegi markatua eta zimurrez betea bainan alegera erakusten zuena, Baionan ofizioz etxeak tindatzen ari zelarik edo “Femme sans tête” ostatuan lanean ari zelarik. Haatik orduan haren euskara ez genuen berehala hartzen.
Duela zonbait urte, Bergarako hitzak biltzeko asmoz han egon nintzen kurtso batzu emaiten Miren Azkarate eta Juan Martin Elexpururekin nik uste. Ondotik liburu ederrak atera zituzten Bergarako adituek, Bergara zinez euskalduna baita. Jaione Isazelaiak argitaratu zuen 1997an “Linua, ehuna, artilea”, lihoa lantzen zutenekin egina. Amaia Olañetak eta Argiñe Urkiolak 1998an “Txondorrak, karobiak, edurzuloak” liburua atera zuten, txondorra baita ikaztobia, eta edurzuloa, elurra begiratzeko aterbe handia, udan izotza ematekoa dena. Eta karobia da Iparraldean gisulabe deitzen dena. Bestalde Anaje Narbaizak “Zura: arotzak eta etxegileak” liburua atera zuen. Juan Martin Elexpuru berak “Bergara aldeko hiztegia” eman zuen eta oso erabilia izan da. Liburu horiek aipatzen ditut, Bergarako Herriko Etxeak diruztatu baitzituen: beraz etsenplu ederra da eta Iparraldean Herriko Etxeek laguntza bera berengain har balezate euskarak on luke. Eskas dugu herri anitzetako euskara nolakoa den jakitea.
Bergara zeina eta iragan. Julio Urkixok erran zuen Bergaran denbora batez beharbada jendeak izaiten zirela burrunbatsu eta hastial. Nahi dut, baina halako jendeak ez dira bakarrik Bergaran egoiten. Gehiago dena, Urquixok berak hortan ez zuen sinesten.
Beste arrazoinik ere aipu zuen Urquixok. Ezen haren ustez mintzatzeko manera hori zabaldu omen zuen Garibai idazleak eta nonbaitetik ere Garibai hori Arrasatekoa zen Mondragoikoa. Eta bi herriek, Arrasatek nola Bergarak elkar omen zuten partida gauza anitzetan. Eta jaugina du jendeak eta euskaldun jendeak auzoa jorratzea eta hartaz trufatzea. Eta mintzatzeko manera ziztakor balin bada hainbat hobe auzoaren karramixkatzeko eta eskarniatzeko. Koltes frantses antzerkilariak saminki erran zuen nola etsaigoa sortzen ahal den bi jenderen edo bi talderen artean nahiz ez den arrazoinik aihergoi horren hazteko.
Bergarako kasuan ez gara hartaratuak. Ororen buru beraz arrazoin historiko zaharra badaiteke Bergaraz trufatzeko bainan arrazoin hori zein den ez dakidala aitor dut. Edo zinezko arrazoinik gabe sortua zen. Eta mintzatzeko manera hortan “Bergaran zeina eta irago” ez dut egiazko aihergorik ez etsaigorik hautemaiten. Bego beraz Bergara, euskaldun eta maitagarri.












