Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Maiatzaren 14a
Dongaitzeko partida - Kontzertua - Euskal Itsas Bazterrak elkartearen ibilaldiak - Olerki errezitaldia - Euskaraz bizitzeko aldarria - Erakusketa - Elgarretaratzea - Mus txapelketa - Ikastaroa - Urruñako Animatloia
Dongaitzeko partida
Maiatzaren 2an, larunbatez, eta Urruñarrak Pilota elkarteak antolaturik, partida ederra jokatu zuten Dongaitz trinketean: de la Fuente eta Dufau 40 – Biskubi eta Lazkano 33. Aupa euskal pilotariak!
Balentin Larrearen omenezko kontzertua
Maiatzaren 22an, ostiralez, Balentin Larrea Iturbe (Gabiria, 1876 – Iruñea, 1970) musikagile eta piano-jolearen omenezko kontzertua izanen da Urruñako Jondoni Bixintxo elizan (18:30).Haren sortzearen 150. urteurrena dela eta, kontzertu zenbait antolatu dute Euskal Herriko zenbait herritan, azkena Iruñean izanen delarik. Urruñan honako egitaraua izanen da: organoz, “Preludio”, “Adagio eta fuga”, “Andante do nagusian”, “Eskaintza eta oroitza” eta “Andante erlijiosoa”; tenorraz eta organoz, “Motete Jaunari”, “Panis angelicus”, “Agur Maria” eta “Irazkina mendian”; abesbatzaz eta organoz, edo abesbatzaz bakarrik, “Bilantzikoa Jesus haurrari,” “Eresiak”, “Euskal festak” eta “Nere etorrera”.
Euskal Itsas Bazterrak elkartearen ibilaldiak
Euskal Itsas Bazterrak elkarteak bi ibilaldi eder antolatuko ditu Urruñako bideetatik barna oinez egiteko. Lehena maiatzaren 20an, asteazkenez eginen dute, Larrundik Xoldokogainera (9:30-15:00). Aipatu ibiladi gidatuan bertako historia, oihan kudeaketa eta biodibertsitatea landuko dituzte. Bigarren ibilaldia maiatzaren 22an, ostiralez eginen dute erlaitzean barna (14:00-16:00). Bigarren ibilaldi gidatu honetan erlaitzeko polinizatzaileak aztertuko dituzte. Ibilaldi hauetan parte hartzeko lehenago izena eman behar da: 05-59-74-16-18.
Olerki errezitaldia
Maiatzaren 16an, larunbatez, musika eta poesia uztartuko dituen ekitaldia eginen dute herriko pilota-plazan, eguerdian hasita. Jon Garmendiak, Elkar argitaletxearen bitartez, berriki plazaratu duen “Ulhaintsaren negarra” izeneko olerki liburua oinarri gisa harturik, olerki errezitaldi musikatua eskainiko du, Ortzi Oihartzabal musikariak lagundurik.
Euskaraz bizitzeko aldarria
Maiatzaren 7tik 17ra, Taupa mugimenduak Herriko Etxe zein eragileekin partaidetzan, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei, izan euskaldunak ala ez, zuzendu ekintza antolatzen da Ipar Euskal Herri osoan: Eusfera. Haurren ingurumena, unibertsoa, euskaldunagoa izatea nahi duten familientzako ekimen berria da. “Urruñan Euskaraz bizi” izena eman diote.
Posta gelako erakusketa zabalik
Maiatzaren 15 arte, Selarua atelierraren erakusketa zabalik izanen da Posta gelan.Bertan margolanak, zeramikak, mosaikoak, argazkiak, loregintzalanak, marrazkiak… eta abar ikusten ahal dira. Egun oroz zabalik (15:00-19:00).
Palestinaren aldeko elkarretaratzea
Apirilaren 29an, asteazkenez, eta gaueko tenorean, Israelgo Armadak Global Sumud flotillako zenbait ontzi gelditu zituen nazioarteko uretan eta 175 pertsona preso hartu. Gelditutako ontzietako batean bi euskaldun zihoazen. Gertakariak salatzeko 30eko arratsean elkarretaratzeak egin zituzten Euskal Herri osoan. Urruñan, herriko plazan egin zena jendetsua izan zen.
Mus txapelketa Zokoan
Maiatzaren 16an, larunbatez (15:00), mus txapelketa jokatuko da Zokoa auzoko kiroldegian. Izenak eman kiroldegian, hasi aitzin.
Yoseikan Budo ikastaroak
Urruñan, urtero bezala, Yoseika Budo borroka-kirolaren ikastaroak dira, euskaraz eta frantsesez, helduentzat eta lau urtetik goitiko haurrentzat. Informazio eta izen-ematea: 07-70-28-06-21.
Urruñako Animatloia
Maiatzaren 31n, igandez izanen da, eta akanpalekua Larruletako kanpinean egonen da. Abiatze-tenoreak: 6 eta 9 urte artekoak (14:00), 10 eta 13 urte artekoak (14:45) eta familiak (15:45). Antolatzailea. Urruñako Herriko Etxea. Izen-emateak kirol zerbitzuan edo telefono honetara deituz: 06-18-77-72-54.











