Ba ote dakixu? | 2026ko Maiatzaren 14a
Aupa Txuri-Urdinak! (2/3)
Gilen Bacho
1913tik 1918ra, Reala “Iparraldeko txapelketan” ari zen, zeinean, lehen edizioan, Arenas de Getxo, Athletic Club, Deportivo Bilbao, Sporting de Irun eta Racing de Irun-en kontra jokatzen zuen (Irungo bi taldeak “Real Union” klubean bateratu ziren 1915ean).
Athletic eta Real Union, aurkari historikoak!
“Iparraldeko txapelketa” horren irabazlea Espainiako txapelketarako kalifikatzen zen, eta txapelketa hori “Errege kopa” zen, “Campeonato de España” deitua ere, ez baitzen oraino Espainiako Ligarik (horregatik, egun oraino, Errege kopa irabazten duen taldea “Campeon de España” deitua da). Athletic-ek zituen txapelketa gehienak irabazi baina Reala eta Athletic-en arteko lehiaketa gero eta azkarragoa zen, borroka anitzekin zelaian eta zelaitik kanpo ere! Realak ez zuen 1916ko edizioaren finala jokatu, Athletic-en kontra, finala Bizkaian antolatua izan baitzen, Espainiako federakuntzako erabakiaren kontra. Orduan, Reala urte batez txapelketatik kanporatua izan zen. Alderantziz, 1918an, Athletic taldea zen zelaira ez presentatu! Borroka horren aurrean, Espainiako federakuntzak bi lurraldetako txapelketak antolatzea erabaki zuen, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Orduan, hamar urtez, 1918tik 1928ra, Reala Gipuzkoako txapelketan ari izan zen, zeinean titulua (gogorki!) beti Real Union-en kontra jokatzen zuen (irabazlea Errege koparako kalifikatzen zen).
Gorabeheren denbora
Bost txuri-urdinek zilarrezko medaila lortu zuten 1920ko joko olinpikoetan, eta bederatzi txuri-urdinek 1928ko joko olinpikoetan parte hartu zuten. Ber urtean, Reala Errege kopako finalera heldu zen baina galdu zuen Bartzelonaren kontra. 1928an zen egun ezagutzen dugun Espainiako Liga sortu. 10 taldek osatu zuten, Reala barne, Errege kopa jada irabazia izan baitzuen. Realak Ligako bere lehen partida Athletic-en kontra jokatu zuten, Atotxan, 1929ko otsailaren 10ean. 1931n, Reala (Harry Lowe entrenatzailearekin) Ligako hirugarren izan zen. Txuri-urdinen emaitza hoberena egon zen kasik 50 urtez, bigarren lekua lortu arte 1980an. 1931n, II. Errepublika sortzearekin, “Real” izena ezeztatua izan zen, “Donostia Futbol Club” bilakatzeko. Donostiako taldea 5. sailkatu zen Ligan 1934an baina 1935ean, lehen aldikoz, bigarren mailara jautsi zen. 1939tik goiti, erregimen frankistak kirol lehiaketak bere zerbitzuko ezarri zituen (“Copa del Rey” lehiaketa, “Copa del Presidente de la Republica” bilakatu zena 1931n, “Copa de S.E. El Generalisimo” bihurtu zen 1940an). “Donostia FC” klubak “Real Sociedad” izena berriz hartu zuen eta 1941ean lehen mailara igo zen, berriz jautsi aitzin 1942an, klubak zailtasun ekonomiko handiak baitzituen eta bere jokalari hoberenak saldu behar izan baitzituen. Memento horretan zen ari Eduardo Txillida, atezain gisa, berantago eskultore famatua bihurtuko zena. Reala berriz lehen mailara igo zen 1947an, “Tio Benito” entrenatzailearekin, berriz jautsi aitzin 1948an. Azkenean, berriz igo zen 1949an eta lehen mailan 13 urtez egon. Atotxako estadioaren handitzeak klubaren egoera ekonomikoa hobetu zuen. 1962an, Reala berriz jautsi zen mailaz baina bost urte berantago berriz igo zen eta, txuri-urdinentzat, urte ederrenak etorriko ziren.










