Herriz Herri - Hiriburu (L) | 2026ko Maiatzaren 14a
Hazitegiaren estreina - Kontzertua - Ttipien hitzordua - Maiatz loreko lasterketa
Hazitegiaren estreina
Maiatzaren 20an, asteazkenarekin (10:00), mediatekak bere hazitegiaren estreina eginen du, haziak trukatzeko lekutxoa eskainiz, urririk eta denei idekia. Kari horretara, ttipi eta handiendako landatze tailerra jarriko da Lizaga gazteluaren atarian, lore eta marrubiondoak ongi hazten jakiteko.
Partekatzeko hazirik baldin bada, ekartzeko aukera ona ere izanen da.
Kontzertua
Maiatzaren 22an (19:00), Gurashow taldea La Perle gelan ariko da. Lehen partean, Elsa eta Oihan bikote musikari gaztea izanen da.
Ttipien hitzordua
Maiatzaren 23an (10:00), Fany Comptines et Cie-rekin hitzordua izanen da mediatekan, frantsesez, ttipienentzat (0-3 artekoak, buraso batekin), itsasoa gaitzat duten ipuinak oinarri. Kondatu ipuinek eta kantutxoek haurrak gonbidatzen dituzte mundua zentzuen bidez esploratzera: sentsazio ziztakorrak edo goxoak, latzak edo leunak, hotzak edo beroak, batzuetan distiratsuak, batzuetan harrigarriak.
Zentzumena eta irudimena pizteko mementoa da, elkarrekin entzuteko, ukitzeko, begiratzeko eta amesteko. Izenak mediatheque-lizaga.saintpierredirube.fr webgunean eman behar dira.
Maiatz loreko lasterketa
42. edizioa izan da duela bi astekoa, eta 400 korrikalari eta ibiltari inguruk parte hartu zuten. Horien artean, Vivre et Devenir elkarteko joëlette aulki egokitu ausart batek ere parte hartu zuen, inklusioari balioa emanez.
Antolaketa lan handia egin zuen Hiriburuko Ainhara Omnisports elkarteak, hainbat ataleko boluntarioen laguntzarekin: ibilbidea prestatu, babesleak eta sariak bilatu, eta bulegoko lanak koordinatu zituzten. Daniel Pétrissans arduratu zen lasterketaren animazioaz.
Emaitzak hauek izan dira:
12 kilometrokoan: 184 izen-ematetik 168 helmugaratu ziren. Emazteetan: Perrine Parini garaile (ordu bat 01), ondoren Marion Supérieure eta Emilie Richomme. Gizonezkoetan: Nicolas Mariani lehen (45:10), Fabrice Elduayen eta Hugues Lacroix jarraian.
7 kilometrokoan: 126 parte-hartzailetarik 119 helmugaratu ziren. Emazteetan: Laurianne Camidebach nagusi (31:53), Emilie Lassalle eta Clara Latapy Brian gibeletik. Gizonezkoetan: Quentin Eisenzimmer garaile (26:10), Alexis Capdeville eta Julien Deguine ondoren.
Lasterketa giro alaian eta parte-hartze handiarekin bukatu zen.











