Azalekoa | 2026ko Uztailaren 23a
Mundu asko... Ortzana batto...
X.A
Senpereko aintzira, gaur Alain Camy lakua deitzen duguna, nork ez du ezagutzen?
Denboran, Ortzana zuen bere izena. Eremu honen aipatzeko, Lapurdi 1609 elkarteak, Senpereko besten karietara, plazerekin gomitatu du eta preziatu Auxtin Zamorak Herriko Etxean aurkeztu lan toponimikoa.
“Mundu asko... Ortzana batto” hola abiatu zuen bere hitzaldia senpertar poetak, erakutsiz nunbait, bere haurtzaroko eremuaren nostalgia, eta jarraitu peko hitz haukiekin:
“Aintziraren ingurumenari josiak ziren zuhaitz, ur erreka, zapar, iratze eremuen izenak: Oihanburuko erreka, Zaparreneko erreka, Errota berriko erreka, Ortzanako zubia, Kapoteneko eta Gaxintoineko ihalekua, Larreluzea zelaia, Ur onttoko iturria eta abar, kasik ahantziak ditugu. Haurra ginelarik uste ginuen beren izenekin, gure ingurumeneko tokiak, betidanik eta betirako hor zirela, edo hor egonen zirela, baina errealitatea ez da horrela. Zoritxarrez, uholde baten pare frantses uhaina pasatu zaiote gainetik, estaliz zaukaten euskaldun identitatea. Hori ikusiz pentsatu dut jatorrizko izenen ez galtzeko, beharrezkoa zaigula haukien errepikatzea edo bederen nunbait grabatzea, ez ditezten betirako galdu.
Geografia da historiaren oinarria, nun sorlekuek eta bizitokiek dituzten beren barnean gure nortasunaren zimenduak. Maiz, ezezagun bati egiten diogun gure lehen galdera da: nungoa zara? Gure familietako izen asko ere, toponimiatik datoz: Harizgain, Mendiburu, Ibarrondo... Lur honetan denak, gauzak eta pertsonak, nonbaitekoak dira. Denboraren barnean sobera sartu gabe, jakina da, erregetzaren garaian, Ortzanaren eremu hau erregearena eta elizarena zela, baina, Frantziako Iraultzaren ondorioz, 30 bat etxetiarren artean partekatua izan zen. Gero, 1960ko hamarkadaz geroztik, turismo eta bizitoki gune izatera bilakatu zen. Laster, aintzira egiten hasi ordutik, herria eta laborari zonbeiten artean tirabirak sortu ziren eta gaur oraino ez da sobera mintzatu behar Senperen baliatu lur haukien jabetasunaz, oraino izpirituak minbera dira, ikus partikulazki Henri Duhauk horretaz idatzi liburua: “Jabetasun auzi ahalkingarriak eta hirigintza bat eztabaidagarri”.
Ezagutzen diogun luma poetikoari esker, Auxtinek aire baikorrarekin bururatu zuen hitzaldia: “Ortzi” zeruko jainkoak gure “Ortzana” honen gainera bi ximista igorri zenizkigun. Lehena 1984. urtean Herri Urrats sortarazi zuelarik. Ekimen honek, dakizuen bezala, 40 urte hauetan, milaka euskaltzale bildu ditu, eta agian oraino bilduko. Ortziren bigarren ximista, Ortzana gainean zorion handi batekin erortzen ikusi duguna izan da: Kattalin Elizalde ikastegiaren lurretik ateratzea, eta honen 2023ko irailean estreinatzea... Ikastegi berri-berri bat 8 hilabetez eraikia! Geroztik, ikastetxeko buraso, ikasle eta erakasleek frogatzen dute zeruko euskaldun jainkoaren funtsa oraino hor dugula bizirik, Ortzana edo Ortziren oihanaren eremuetan.





