Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Uztailaren 23a
Udako kultur asteak - Flauta eta organoa uztartuz - Kontzertuak - Argazki erakusketa - Adindunendako besta bazkaria - Euskara guti herriko aldizkarian - Laborantzarako lursailak - Miugaz gaindiko suhiltzaileak - Pilota
Udako kultur asteak Urruñan
Hauek dira, uztail eta agorrilerako, herriak astero eskaintzen dituen ekitaldiak eta animazioak: Astelehenetan merkatua Zokoan, Untxin plazan (8:00-13:00). Herriko pilota-plazan euskal kirolak (21:00). Astearteetan Joritz Larraza urruñar historialariak bisita gidatua herrian barna. Hitzordua: (10:30) turismo bulegoaren aitzinean. Bixintxo elizako organoari bisita gidatua (18:00). Kontzertuak eta euskal dantzak plazan (19:30). Asteazkenetan: Urruñako merkatua Presaburun, Osasuna farmaziaren aitzineko aparkalekuan (8:00-13:00). Ibilaldia herrian egiten diren gasnak dastatzeko. Hitzordua: (9:00) turismo bulegoaren aitzinean. Pilota partidak pilota-plazan (19:30). Ostegunetan: ibilaldia pottoken bideetatik barna. Hitzordua: (9:00) turismo bulegoaren aitzinean. Bisita gidatua herrian barna: historia, mitologia, kultura, usaiak… Hitzordua: (19:00) turismo bulegoaren aitzinean. Ostiraletan: kontzertuak plazan (19:30). Erreserbak egiteko turismo bulegora deitu: 05-59-54-60-80.
Flauta eta organoa uztartuz
Agorrilaren 9an, igandez (18:00), Dorian Gheorgihilas flauta-jole moldaviarrak eta Hans André Stamm organo-jole alemaniarrak, elkarrekin, kontzertua emanen dute Jondoni Bixintxo elizan, Mozart, Tchaikovski, Katchaturian, Stamm eta Zamfir musikari ospetsuen doinuak eskainiz. Horren ondotik, Balkanetako musika tradizionala joko dute. Antolatzailea: Euskal Herriko Organoak Kantuz delakoa.
Kontzertuak plazan
Uztailaren 31n, ostiralez, JAC eta Urbil Artola, blues euskaraz eta agorrilaren 4an, asteartez,Bost Axola emazteen taldea. Biak urririk.
Argazki erakusketa Posta gelan
Uztailaren 17tik agorrilaren 28ra bitarte, Inpakt sailaren argazki erakusketa bikoitza izanen da herriko Posta gelan. Axelle de Russ’-en argazkiek aldaketa klimatikoaren berri garratza emanen digute eta William Daniels-en argazkiek, berriz, aberrigabekoen errealitate gordin eta latza azalaraziko digute.
Adindunendako besta bazkaria
Urtero bezala, 70 urtetik goitiko urruñar auzoak gomitatuak dira herriko bestetan, irailaren 8an, asteazkenez, Arotzenia ostatuan izanen den herri bazkarira. Izen-ematea: 05-59-47-95-08.
Euskara guti herriko aldizkarian
Jadanik plazaratzen eta zabaltzen ari dira Urruñan Bizi herriko aldizkariaren 78. zenbakia. Azalean “Urruñarako bizitasun berri bat” diote, baina aldizkaria irakurrita garbi dago, Herriko Etxe berriak ateratu duen lehen aldizkari honetan, bizitasun guti eskaintzen diotela euskarari, gehiena frantsesez baita, euskaraz dauden azalpen laburrak salbu.
Laborantzarako lursailak
Urruñako herriak herriko lurrak alokatzen ditu, tokiko laborantza bultzatzeko eta bere lurren kudeaketa iraunkorra laguntzeko. Interesatuak diren pertsonei eskatzen zaie dosierra bidaltzea, dokumentu hauekin: 1.- Etxalde proiektua aurkezten duen motibapen-gutuna. 2.- Hautagaiaren koordenatu osoak. 3.- Laborantzako lanbide-egoeraren egiaztagiria (MSA matrikula, SIRET zenbakia edo Laborantza Ganbararen ziurtagiria). 4.- Gaitasun profesionala egiaztatzen duten elementuak (formakuntza, esperientzia, erreferentziak) eta 5.- Ingurumenaren aldeko engaiamenduari edo etxaldearen kudeaketa iraunkorrari buruzko edozein dokumentu erabilgarri (laborantza biologikoa, lursailak mantentzea, etab.)
Mugaz gaindiko suhiltzaileak
Mugaz bi aldeetako herrien artean lankidetza indartu nahian, dokumentu bat izenpetu dute Urruñako, Hendaiako, Irungo eta Hondarribiko herriek, suhiltzaileak (ponpierrak) eta sorosleak (sokorrikoak) partekatzeko eta elkarri laguntza emateko.
Pilota partidak
Agorrilaren 5ean, asteazkenez, pilota partidak izanen dira herriko pilota-plazan (19:30). Urririk. Antolatzailea: Urruñarrak Pilota.





