Ba ote dakixu? | 2026ko Uztailaren 23a
Irungo bataila (1/3)
Gilen Bacho
Duela 90 urte, 1936ko uztailaren 18an, Espainiako armadako goi-ofizier zenbaitek estatu kolpea piztu zuten Errepublikako gobernuaren kontra. Frantzian bezala, Fronte Popularra deitutako ezkerreko aliantza bat zen boterean, otsaileko hauteskundeen ondotik. Estatu kolpe militarrak ez zuen asmatua izan zen arrakasta ukan baina ez zen ere hutsegite bat izan. Eta ondorio dramatikoak laster Euskal Herriraino helduko ziren.Lehenik, Nafarroan, estatu kolpearen buruzagi bat, Mola jenerala, Irunean baitzen postuan. Karlisten laguntzarekin (monarkistak zirenak eta indartsuak Nafarroan), Molak, bere soldaduekin, laster probintziaren kontrola hartu zuen. Alfonso Beorlegi koronelak, Molak Guardia Zibilaren buru izendatu zuena, eginkizun inportanta ukan zuen Nafarroaren kontrola hartzean. Bere eginkizuna oraino handiago izanen zen Gipuzkoan, nora Molak laster igorri zuen bere gizonekin.
Gipuzkoa, nazionalisten lehentasuna
Estatu kolpearen biharamunean, egoera ez zen batere argia Gizpuzkoan. Gasteizen, Irunean bezala, estatu kolpearen aldeko militarrek hiriaren kontrola berehala hartu zuten. Orduan, Donostiatik, Errepublikari leial egon ziren militar (guardia zibilekoak partikulazki) eta gizon armatuak, Perez Garmendia komandanteak manatzen zituenak, Gasteizko bidea hartu zuten hiria berriz hartzeko. Baina, Donostian, estatu kolpearen aldeko militarrek (nazionalistak deituko ditugunak eta berantago frankistak), Carrasco koronelak manatzen zituenak bere kuartel nagusitik, Maria Cristina hotelean, hiriko toki estrategikoen kontrola hartu zuten, eta haien artean, Loiolako kaserna. Perez Garmendia egoeraz biharamunean informatua izan zen. Ez zen urrun, Eibarrera ez baitzen oraino heldua. Orduan, bere gizonekin, gibelera itzuli ziren, Donostiaraino. Biharamunean, 23an, Garmendiaren errepublikar tropek Garrascoren tropa nazionalistak atakatu zituzten eta borroka gogor batzuen ondotik garaitu. Halere, nazionalistek Loiolako kasernan aterpetzea kausitu zuten, ongi armatuak izanez. Errepublikar tropek (zeinean baziren sozialistak, anarkistak baina ere euskal abertzaleak) Loiolako kaserna setiatu zuten eta, azkenean, uztailaren 27an, tropa nazionalistak errenditu ziren.
Errepublikar indarrak bakartu
Errepublikanoek Donostia eta Gipuzkoa osoaren kontrola berriz hartu zuten, oraingoz bederen. Mola jeneralaren helburu nagusia zen Gipuzkoaren kontrola hartzea errepublikar indarrak bakartzeko, Frantziarekin hornidura-bidea mozteko (lurreko hornidura-bide bakarra Euskal Herriko errepublikar indarrentzat). Molak Frantziatik, non Fronte Popularrak gobernatzen zuen ere, laguntza etor zitekeela asmatu baitzuen. Helburu hori lortzeko, Molak lehentasuna Irun hiriaren kontrolari eman zuen. Beorlegi koronelari misio horren kargua eman zion. Uztail bukaeran, bere gizonekin, Iruña utzi zuen Irungo bidea hartzeko. Euskal Herriko indar errepublikarrek, indar nazionalistek Gipuzkoako bidea hartu zutela jakin zuten. Haien bidea mozteko, Endarlatsako zubia(Bidasoaren gainean) suntsitu zuten. Nazionalisten aitzinamendua trabatua izan zen baina ez gelditua. Beorlegiren tropak Irungo inguruetara heldu ziren agorril hasieran. Bi aldetan, 2000 gizon guti gorabehera parez pare ziren baina indar nazionalistak biziki hobeki tresnatuak eta armatuak ziren. Indar desberdineko borroka hasiera zen baina Errepublikanoek borroka eramanen zuten bukaera arte.




