Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Uztailaren 23a
Panpa belarren aurkako ekintza ezeztatua - Tokiko ekoizpenen merkatua eta finalerdiak ortziralean
Panpa belarren aurkako ekintza ezeztatua
Ederrak edo bereziak iduri duten landare hauek, bide bazterretan, hesietan, edo berdin zoko batzuetan eta baratzeetan ikus ditaizke. Herriko Etxeak eta Aiherra Bizirik elkarteak diote lehen saltokietan eros zitezkeen landare hauek orain suntsitzekoak direla osagarriarentzat eta bereziki haurren osagarriarentzat kaltegarriak direla frogatua baita: duten polenak hatsa hartzeko arazoak sor ditzazke. Landare hunek dituen hosto xorrotxek zauriak edo pikoak sor ditzakete. Gaur egun, Panpa belarraren landatzea, ereitea, arrunt debekatua da, eta etxean ukaitea ere zigortua.
Ikusirik landare hori hedatua dela gure herrian, Herriko Etxeak eta Aiherra Bizirik ingurumen elkarteak landare txar hunen kasatzeko ekintza antolatzea erabaki zuten. Hau heldu den igande goizean iragan beharra zen, etxe guzietara banatua izan zen papertxoaren arabera. Haatik ekintza hau ezeztatua da. Hunen helburua zen landare hauen haziak biltzea hunen garapena gibelarazteko gisan. Baina idorte hauengatik, Panpa landareak ez daude lilitan, ondorioz hazirik gabe daude. Hots heldu den igandean iragan beharra zen ekintza lehen batean ezeztatua da.
Tokiko ekoizpenen merkatua eta finalerdiak ortziralean
Uztailaren 24an, ortziralean (18:00), animazio bereziak izanen dira Aiherrako plazan eta inguruan, “Arberoako ostiralak” udako ekitaldien kari. Izturitzeko Artetxea elkarteak antolatu Izturitzeko merkatua proposatua zauku, aldi huntan gure herrian. Tokiko ekoizpen onen erosteko parada, bai eta ekoizleekin hitzegiteko parada izanen da. Denbora berean jakinez Frantziako pilota txapelketaren finalerdiak iraganen direla herriko plazan (artekoak mailan, Abarratia pilota batasuneko Laurendi Oihenart-Etxart eta Mikel Harguindeguy ariko dira), harri batez bi xori, horra hor tokiko laborari ekoizleei bai eta pilotariei sustengu azkarra ekartzeko parada, hots arrastiri goxo baten iragaiteko parada. Gozategia ostatuan bururatuko da musikari talde batek animatuko duen gaualdia. Ongi etorri deneri!





