Gure Hitza | 2026ko Uztailaren 23a
Zuberotar kantarien entzule
Jean-Louis Harignordoquy
Hain da atsegingarri untsa kantatzea. Denbora hartuz ikasten da, kantuen hitzak eta doinuak bezala. Halaber, bildu trebetasuna ez da galtzen aski ardura arizanez geroz. Zuberotarrek berritasunak laket dituzte, bainan badakite ere behialakoenganik ikasi kantaera berezia zaintzen eta zabaltzen. Izpirituen argitzaile den Hebentik elkarte langileak hori sinpleki bezain ederki frogatu dauku Mauleko besten karietara Lextarreko plaxotean antolatu “Etxahun Iruri bühürri, gorri, euskaltzale, abertzale, bakezale” kantaldian. Lextarreko entzuleen erdira lapurtar eta baxenabartar zonbait joanik, entzuleen beharrietara kantua eta musika igortzen zituen etxe pareta handi bati bizkarrez zauden Mixel Arotze eta Jean-Mixel Bedaxagar. Goragailurik gabe, noiz nola bakarka, bertzenaz bi ahots ederretan, biak ezin hobeki kantuz ari. Haien bi aldeetarik aurkitzen ziren Jean-Christian Galtxetaburu esku-soinularia, Mixel Etxekopar koblakari, kantari, txülüla joile eta atabalari orotan trebea. Biziki preziatua izan da Etxahunen nortasun osoa isladatzen duten kantuen hautua hala egitea; besteak beste Mauleko langileen borrokez joan den mende hastapenean moldatu zuena. Lextarren gertatua eredugarri da: kantu bakoitzaren erran-nahia sentiaraztea, heien testu-ingurua argitzeko astia hartzea, eta azkenean entzulegoa kantatzera gomitatzea. Goresmenak laukote estimatuari!
Bertzalde, denon gogoan daude lerro hauek idazteko tenorean oraino iraganak ez ziren Lurdes Iriondo pastoralaren hiru emanaldiak. Sohütarrek antzezturik, sei-zazpi hilabeteetako ikaste lan jarraikiaren ondotik. Francoren diktadura garaian, bere urrezko ahotsarekin, hegoaldeko herrietan bakarlari gisa euskaraz kantatzeko ausartzia ukan zuen lehen emaztetzat har daiteke Lurdes. Loiolako Herri irratitik Josemari Iriondo lehengusuak lagundu zuen ospetsuagoa izaiten. Gero juntatu zen Ez Dok Amairu taldeari, eta eritu arte Xabier Lete bere senarrarekin kantuz segitu. Lurdes Iriondo, Maite Idirin eta Estitxu Robles Aranguizek kantatzen zituztenak emaiten plazerekin ikusi berriak ditugu Maider Bedaxagar, Naia Robles eta Maialen Alfaro. Alabainan, Lurdesek, Maitek eta Estitxuk, belaunaldi bereko hiru izar goizegi itzaliek, beren moldean eta heinean asko ekarri baitzioten euskal kantugintza berriari.
Gure kultur jakitatearen onerako dira pastoralak. Aldi huntan, historiara igana den Lurdesen bizitza eta hark utzi obra ederraz jakinean izaitea. Lurdes zenak eta sohütar jokolariek ere merezi dutelako, zazpi probintzietako jendea doala Zuberoa eta Zuberotarren hobeki ezagutzera! Denon artean Euskal Herria osatzen dugula ohartzeko molde ederragorik badea?




