Euskal diaspora | 2026ko Uztailaren 23a
7 Euskal Etxe frantses, Diasporako 16 euskara ikasle/irakasle, “Txistu Pride” eta Pariseko afixa
Joseba Etxarri
BAIONA. Hondarreko urteetan bezala aurten ere Frantziako Euskal Etxeek elgarretaratzea egin dute Baionako pesten karietara, joan den ebiakoitzean, uztailaren 18an, edizio huntan koordinatzaile Bordeleko Euskal Etxea. Zazpi izan dira partaideak: Pariseko Euskal Etxea, Paueko Lagunt eta Maita, Montpellier-eko Eskualdunak, Tolosako Denak Bat, Lyongo Euskal Etxea, Marseillako Euskal Etxea eta Bordeleko Eskualdunen Biltzarra. Programan, zintzur bustitzea, animazioa Txanbelaxoako musikariekin eta giro ederrean bazkaria, kantuak eta mus partidak. Eusko Jaurlaritzako Ziortza Olano eta Arola Urdangarin bertaratu dira gomitatu. Mila esker berezia Bordeleko Valerie Meleard eta Jerome Regnier-i, eta lagun izan duten Marseillako Euskal Etxeko Hervé Laxague-ri. Anne-Marie Pedoussat lehendakari bordelesaren eskerrak baita ere Baionako Hiriari eta Pierre Oteizari; eta oroitarazten du Bordeleko Euskal Etxeak 80 urte beteko dituela 2027an, gomitatze idokia eginik iragarriko dituzten ekitaldietara. Heldu den urtean Tolosako Denak Batek antolatuko du Baionako elgarretaratzea.
BAHÍA BLANCA. Joan den ebiakoitzean abiaturik, aste oso huntan ari dira euskara barnetegia egiten Argentinako Bahía Blanca hirian, 16 ikasle/irakaslegai partaide. Koordinatzaileak Kinku Zinkunegi (EJ-Etxepare Institutua) eta Gabriela Mendia (FEVA), eta irakasleak Anabel Jaureguiberry eta Inés Olazabal euskal argentinarrak, Etxepare Institutuko Euskara Munduan programarekin euskara ikasi eta irakasle bilakatu direnak, euskara zinez menperaturik.
MADRIL. Madrilgo Euskal Etxeak bere lehenengo “Txistu Pride” eguna ospatu du uztailaren 4an, LGBTQIA+ Harrotasunaren Martxaren baitan eta “Denon artean harrotasuna, askatasuna, aniztasuna eta errespetua aldarrikatzen”. Euskal Etxetik abiatu dira txistu eta panderoen erritmora, ikurrinak eta ortzadar abanikoak astinduz Madrilgo karriketan barna, eta geldialdi bat egin dute Iparragirrek 1853an Gernikako Arbola estreinatu zuen kafetegia eta plazaren aitzinean, adierazpen bat irakurtuz guzien eskubideen alde.
PARISE. Gogoan atxik uztailaren 31 dela azken eguna Pariseko Euskal Etxeak bere 70. urteurrena iragartzeko antolatu duen afixen lehiaketan parte hartzeko. Nornahik parte hartzen ahal du eta estiloa, koloreak eta sormen mota guziak onartuak dira, adimen artifizialez egin afixak salbu. Urtebetetze besta urriaren 4an eginen da, eta egun hortan parte hartzeko gomita izanen da hain zuzen irabazlearen saria. Afixak igortzeko eta kontsultak egiteko idatzi pee70ans@gmail.com helbidera.





