Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Uztailaren 23a
Uraren erabilpen mugatua - Mendi biziak - Escape game - Beste ausagailu batzu
Uraren erabilpen mugatua
Prefeturaren deliberioz, Hazparne herria alertan da uraren erabilpenean. Alabainan erresalbuak apaltzen ari dira eta udan ur beharra emendatzen da. Uztailaren 10etik geroz egoera hortan da herria eta jendeen egiazko beharrak, osagarria, suteen defentsa eta abereen ureztatzea dira lehentasunak. Horra zer ez den egin behar: pizinak bete, autoak garbitu, kanpoak garbitu salbu ofizialeentzat, baratze, lore eta golfak ureztatu (8:00-20:00), kirol zelaiak astean bi aldiz gehienik ureztatu.
Bakotxaren errespontsabilitatea da ororena zaintzea.
Mendi biziak
Euskal Elkargoak Mendi biziak proiektua antolatzen du ondoko helburuekin: gure mendiak deneri ezagutarazi goza leku eta lan leku gisa, batak bestea errespetatuz. Herriko elkarteek parte har dezakete ideiarik baldin badute 2027 urteko. Hogeita hamar bat proiektu hautatuko dira eta diruz lagunduko (500 eta 2.000€ artean). Hautagaitza irailaren 30a arte idekia da. Gehiago jakiteko joan Mendi biziak gunerat.
Escape game
Izigarriko arrakasta bildua du ausagailu mota horrek azken denboretan. Hazparnen ere kaperan bizi daiteke esperientzia hori. Helduentzat edo familientzat pentsatua da (2 eta 5 pertsona artean taldeka). Fikzioa eta errealitatea nahasiz kapera misterio gune bilakatzen da: “Ortzi batek sortu fenomeno berezi baten ondotik bisitariak preso hartuak dira... behaketa, pentsaketa eta talde lana beharrezkoak izanen dira berriz orainera itzultzeko.”
Parte hartzeko tenorea baino hamar minutu lehenago joan behar da kapera aitzinerat. Jokoak 49 minutu irauten du eta hiru tenore desberdinetan egiten ahal da. Tokiaren atxikitzeko eta xehetasun gehiagorentzat, turismo bulegorat deitu behar da: 05-59-29-52-02.
Beste ausagailu batzu
Euskal pesta uztailaren 25ean eta agorrilaren lehenean (19:30), Haritz Barne saihetsean. Euria balitz pesta ezkerparetan eginen da. Sartzea kitorik: kantu, dantza, banda eta fanfarrea... ikus eta entzuten ahalko dira. Jateko eta edateko moldea ere izanen da. Jeunes Basques elkarteak du hori apailatzen.
Elkarte beraren baitan den Hegalkanta taldeak kontzertua emanen du kaperan uztailaren 26an (18:00).





