Mundu zabalean | 2026ko Uztailaren 23a
Bero itogarriari egokitu ala buru egin?
J.B.
Berotze efektuaren eragina zabaltzen ari da. Bero itogarriak jendeak ahultzen ditu ez dituelarik osagarri egoera larrian jartzen. Uraren eskasa arazo nagusi bat bilakatzen ari da toki anitzetan. Berehalako neurri partzialak dira gehienetan aitzinatzen debate publikoan. Funtsezko neurriak bazterrean utziak dira ez direlarik borrokatuak. Nahi ala ez, bero handieri egokitu beharko dugu zentzuzko neurriak hartuz eta berotze klimatikoa geldiaraziko duen funtsezko politika lehenetsiz.
Bero itogarriak munduan zehar
Jasan ezinezko beroez arranguratzen hasiak gira. Noiz arte segituko dute? Noiz hasten ahalko gira hatsa hartzen eta gauaz lo egiten? Ez gira denak hein berean hunkituak. Bero handienetan eta iduzkipean lanean segitu behar dutenek edo ezin mugituz airerik gabeko ganbara batean kokatuak diren eriek badute kezkatzekoa.
Aro ikerlariek erakusten dauzkiguten mapetan ikusten dugu bero eremu gorri-ubela hedatua dela Europa guzian. Orain arte babestuak ziren iparraldeko herrietan ere hatsa ezin hartuz ari dira. Alemanian, beroagatik, 5.000 hil baino gehiago kondatzen dira jadanik. Eta zer erran hegoaldeko herriek jasaiten duten egoeraz? Espainiako su erraldoiak, Greziako eskualde gehienetan 46 graduraino goratu da termometroa. Mediterraneo inguruko herri batzuetan 50 gradurainoko tenperaturak igurikatzen dituzte uda huntako aro ikerlariek.
Ekialdeko herrietan ere ondorio bortitzak jasaiten dituzte. Errumanian adibidez, badu 20 urte Danube ibai handia ez dela hain apala izan, ur eskasaren arrangura piztuz.
Amerikako Estatu Batuetan, usaian baino bero anitzez bortitzagoak jasaiten dituzte bereziki iparraldeko ordokietan eta hegoaldeko eskualdetan, mendebaldeko eremuetarat hedatzeko menturarekin. Mementoko 44 milioi amerikar alerta gorrian emanak dira.
Hego Korean jasan ezinezko beroak sortzen dituen osagarri arazoengatik alerta gorena martxan ezarri dute. Txina eta Indiako egoerak ez dira hobeak. Hango eskualde batzuetan 50 graduko beroak neurtuak baitira.
Ur eskasak sortu tentsioak
Toki guzi horietan ur eskasak arrangura handiak sortzen ditu. Frantzian berean, eztabaida gorriak pizten ditu laborantxako legeak, Gobernu bereko laborantxako eta ekologiako bi ministroak publikoki elgarri mokoka hartzeraino. Uraren inguruko erabakiak dira, besteak beste, jokoan: alde batetik uraren agentziak zalantzan ezarriak baitira eta laborantxako ur bilgune erraldoiak doblatu nahi direlako 10 urte barne.
Bainan ura eskasten ari da eta eskastuko da, segurenik ere, hemendik aitzina. Ur kudeaketaren politika minbera bilakatua da jada eta eztabaidagai nagusia izanen da ondoko urteetan. Orain artinoko axolagabekeria bukatua da. Nahi ala ez uraren erabilpena kontrolatu, partekatu eta mugatu beharko dugu. Interes kolektiboa konduan hartuko duten hautu egokiak baitezpadakoak izanen dira.
Nola egokitu beroari?
Maleruski komunikabide nagusietan eta alderdien arteko eztabaidetan berehalako axalezko erantzunak aipatzen dira gehienetan. Bero astunen parean klimatizatzaileak biderkatzea dela aterabidea sinestarazi nahi daukute, elektrikaren kontsumoa beti eta gehiago igoaraziz, egin molde eta usaia sinpleak baztertuz. Alta zentzuzko aterbideak badira, han edo hemen erabiliak direnak. Kontsumo itsuaren menpe erori gabe beha ditzagun zonbait adibide.
Parise aldeko Franc-Nohain eskolan klase barneko bero itogarria apalarazteko arraberritze lanak egin dituzte. Diru xahutze ikaragarririk gabe eta elektrika kontsumoa azkartu gabe, neurri sinpleak gogoetatu eta gauzatu dituzte: buztinezko tindua, birziklatu kotoinezko isolatzaileak, zurezko zoladurak, aire nahasgailuak, itzala egiteko zurezko babesak instalatuz. Azkenean tenperatura apalarazi dute duela 70 urte bero arrangurarik gabe eraikia izan zen labea iduriko bastimenduan.
Beroarekin bizitzen ikasi behar ukan duten Espainia zolako jendeek erakusten daukute nola freskatzen ahal den gela bat dirua eta elektrika xahutu gabe: ur botoila bat izozkailuan bospasei orenez utzi ondoan, hoztu nahi den gelako muble baten gainean pausatu eta inguruan sortzen den aire freskoa jausten da, denbora berean goratzen den aire beroa freskatzen da izotzaren inguruan. Zonbait oreneko freskatzea sortzen da.
Holako adibideak baditaizke gure inguruan, kontsumo gehitze deiak bazterturik errexki baliatzen ahal genituzkenak.
Egokitzetik haratago joan berotze klimatikoa gainditzeko
Egokitze urratsak baitezpadakoak badira ere, ezinbestekoa da berotze klimatikoa menperatzea eta gainditzea.
Ormuzko pasaia nork kontrolatuko duen edo libro izanen denez petrolioaren prezioa ez dadin sobera goratu ez da aterabidea. Petrolioa, gasa eta ikatzaren errekuntza gelditzea baitezpadakoa da. Ez bada berehalakoan egiten ahal, hortarat heltzeko epeak eta moldeak finkatzeko garaia da, bestenaz aurtengo bero itogarria gainditua izanen da ondoko urteetan.
Planeta bakar bat baizik ez dugu, bizigarria atxik dezagun.




