Han eta Hemen | 2026ko Uztailaren 23a
“Berote handiak politikoak dira, haiei aurre egitea ere bai”
Hegoaldeko herrien kasuan ez bezala, klima nahasmenduaren ondorioak aski berriki pairatzen ari dira Europan, nahiz klimatologoek aspalditik alarma jo duten. Berote handiek gure azken asteak markatu dituzten honetan, Ipar Euskal Herriko Bizi mugimenduak hitza hartu du gai hunen inguruan.
Beroteen ondorioz
Ekain eta uztailean ezagutu beroteen ondorioz, horietan ekain hondarrean 5 egunez segidan 37 eta 41 graduren artean egin zituenean Miarritzeko estazio meteorologikoan, suhiltzaileen esku-hartze eskaerak tokian %50ez emendatu dira, eta SAMUarenak %20ez. Miarritzen eta Baionan, eskola publikoetako ikasleak Iratiko aretora eta Jean-Dauger estadiora eramanak izan dira, beren ohiko eraikinek ez baitituzte bero horietatik babesten. Hala ere, leku kopurua ez zen nahikoa, eta burasoei eskatu zitzaien haurrak eskolara ez bidaltzea. Biziren iritziz, azken momentuan inprobisaturiko aterabide horiek argiki erakusten dute gibelapena eta prestaketa kolektibo eskasa. Hain zuzen ere, mugimenduaren iduriko politika ausartek aspalditik egituratu behar zituzten jarduerak eta bizi-lekuak.
Beroteek kalte larriak eragin dituzte abeltzaintzan eta naturan ere: haztegi industrialetan hegazti eta zerri anitz hil dira, ibaietako ur-maila apalek eta oxigeno eskasiak arrain-hiltze handiak ekarri dituzte, eta Hegalaldiak usaian baino hegazti zauritu gehiago artatu ditu.
Ardura ukatzea
Bizik salatu duenez, Frantziako gobernuak “ez du hoberik aurkitu etxebizitzen energia-berritzea laguntzeko MaPrimeRénov’ dispositiboaren aurrekontua eta herriak klima beroketari egokitzen laguntzeko Funts Berdearena berriz ere murriztea baino”.
Ipar Euskal Herrian, Urruñan Herriko Etxeak bizikleta-bide bat kendu duela oroitarazia izan da, haren ordez autoak berriz pasarazteko.
Europa mailan ere, 2024az geroztik, ingurumen arloko atzerapausoak, aurrekontu-murrizketak eta klima aldaketara egokitzeko zein haren ondorioak arintzeko neurriak bertan behera uzteak bata bestearen ondotik etorri direla azaldu du mugimenduak.
Gibelera egin ordez, Bizik dio lurraldeak ez direla abandonatuko, eta tokian tokiko alternatiba engaiatuak indartu behar direla. Mugimenduak Ipar Euskal Herriko klimaren eta biztanleen aldeko Ituna aipatu du horren oinarri gisa, lurraldeko biztanleen %56a biltzen duten 30 herrik sinatu dutena jadaneko.






