Hegoaldean | 2026ko Uztailaren 23a
Euskarafobia gida
M.V.
ELA sindikatuak Euskarafobia gida argitaratu du euskaldunen hizkuntza eskubideak zaintzeko helburuz. Gida hori egin dute euskararen kontrako bazterketa eta erasoak agerian uzteko eta salatzeko tresna berriak herritarrei eskaintzeko. “Salaketa txokoa” atalari esker, langileek hizkuntza eskubideen urraketen berri emateko parada ukanen dute.
Lan munduan eta bertze eremuetan gertatzen diren “jokabide euskarafoboak identifikatu eta ulertarazi” nahi ditu sindikatuak. Horretarako asmatua izan den gida 11 puntuz osatua da, eta euskarafobiaren alderdi desberdinak aipatzen eta zehazten ditu. Puntu horien artean daude, bertzeak bertze, “supremazismoa”, “euskarafobia ekonomikoa”, “euskarafobia progrea” eta “euskarafobia administratiboa”.
Sindikatuaren arabera, zenbait sailetan Espainiako eta Frantziako estatuek gaztelera edo frantsesa inposatzen dituzte, horrek euskara “borondatezko eremuetara mugatzea” dakarrelarik.
ELAren ustez, euskararen egoera “zapalkuntza historiko eta sakon baten” ondorioa da. Horri buru egiteko, “euskarafobiaren aurka jarrera aktiboa” hartzera eta langileen hizkuntza eskubideen zaintzera engaiatzen da sindikatua.





