Gogoa hazi | 2026ko Uztailaren 23a

Magnifica humanitas 1/6

Mikel Erramouspe

Aitzin solasa

Joan den aldian aipatu ginuen Leon XIV aita sainduak idatzi letrak harrera baikorra ukan zuela. Azkenean norbaitek botatzen zituela zentzuzko solasak gaur egungo teknikek eta horietan adimen artifizialak nola gure nortasuna porroskatzen ari diren salatuz.

Ondoko artikulu hauetan entseatuko naiz letra horren presentatzea, partez parte liburuaren ordena errespetatuz bainan hitzez hitz itzuli gabe, ene maneran ulertu dudana kondatuz.

Sarrera

Jainkoak kreatu gizaki eder eta zoragarri hau hautu baten aitzinean dago: edo Babel dorre berri bat eraikitzen du edo Jainkoa eta gizakia elgarrekin bizi diren mundu bat sortzen du, bakotxaren duintasuna, justizia bermatuz, Jesusek erakatsikoaren idurikoa. Hots, bizia bere betean eskaintzen daukuna.

Horra zergatik girixtinoek behar duten borondate oneko guziekin lan egin gaur egungo desafioeri buru egiteko. Jainkoaren eta gizakiaren batasunaren “sakramentu” izan dadin.

1891. urtean Leon XIII aita sainduak publikatu zuen “Rerum Novarum” letra, anitzi bide berria erakutsi ziena eta urtez urte landu eta barnatu dena. Batzuk erraiten dute elizak ez duela gai horietan sudurrik sartu behar. Alderantziz, “doktrina sozial” deitu printzipio horiek laguntzen ahal gaituzte gaur egungo beharrezkoak diren hautuen egiten. Lagungarri dira lur huntako gure ibilbidea bizi beteago eta zuzenagoa izan dadin hori baita guzien buruan gure bokazionea.

Alabainan, egun guziz agertzen zauku numerizazionea, adimen artifiziala, robotika nola ari diren dena aldatzen. Teknika ez da baitezpada gauza txarra, anitz errexten dauku bizia bainan hain da indartsu bilakatua, nun gure izaiteari gaina hartzen ari den. Hautu batzu egin beharko ditugu: zer nolako gizarte edo herri nahi dugu bilakatu?

Babel edo Jerusalem, zoin hauta?

Biblian agertzen den istorioak dio Sennar deitu zelai batean kokatu zirela orduan gizon-emazteak. Hiri baten eraikitzea deliberatu zuten. Hunen erdian dorre bat bazen hain gora nun kaskoak zerua hunkituko zuen. Denek jakin zezaten zer indar eta ospekoak ziren. Denak berdinak izaiteko mintzaira bakarra eman zuten, teknika bakarra brikazko eraikina, norabide bakarra. Asmo maltzurra! Jainkoa baino gehiago izan nahi duena, denak berdindu nahi duena bere ber, nehoren gain izan nahi ez duena.Amets zoroa, obra alferra erakusten duena Jainkoa baztertuz zertaratzen den gizakia.

Nehemias profetak aldiz besterik kondatzen dauku Biblian. Babilonian desterraturik egon ondoan hebrearrak berriz itzultzen dira etxerat hots Jerusalemerat. Bainan hiri hau lurrean da eta berriz eraikitzekoa da. Gain beheretik inposatu planoen orde, familia guziak biltzen ditu Nehemiasek eta auzolanean lan egitea proposatzen die, bakotxak bere partea eginez, xahar-gazte, artisau, gizon-emazte… Jainkoa erdian eman dute eta horrela bakotxak bere lekua hartu du eta bakotxak bere ahalen arabera parte hartu du hiriaren eraikuntzan.Elkartasunean, lan amankomunean, izpirituaren indarra lagun.

Horrek erakusten dauku teknologia gaizki erabilia delarik botere edo diruaren idolatriaren eraginez, denak berdintzen gaituela “gauzatzen” gaituela, eta guzien buruan gure izaitea ukatzen duela.

Denen onetan

Leon XIV.ak segitzen du aldarrikatzen edozoin ekintzek behar dutela bakotxaren eta denen ongia bilatu. Hauxe azpimarratzen du: gure baitako eta besteen alde ahulak eta mugak onartu behar ditugula. “Utz bazterrerat behin betikoz gaindituko ditugula gure oinaze, sufrikario eta ezinak”.Elgarren haurride izanez geroz bakotxa bestearen beharretan dela onartuz.

Otoitz batekin bururatzen du sarrera hori: “izan gaiten elgartasun egile bakearen xerbitxari eta ez goiz edo berant eroriko diren gotor dorre horien eraikitzaile”.

Hurrengo artikuluan lehen kapitulua laburtuko dugu: “Ebanjelioa oinarri, bide berriak ideki”.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3844. zbk

Gure Hitza | 2026/07/23

Zuberotar kantarien entzule

Jean-Louis Harignordoquy

Hain da atsegingarri untsa kantatzea. Denbora hartuz ikasten da, kantuen hitzak eta doinuak bezala. Halaber, bildu trebetasuna ez da galtzen aski ardura arizanez geroz. Zuberotarrek berritasunak laket dituzte, bainan badakite ere behialakoenganik ikasi kantaera berezia zaintzen eta zabaltzen. Izpirituen argitzaile den Hebentik elkarte langileak hori sinpleki bezain ederki frogatu dauku Mauleko besten karietara Lextarreko plaxotean antolatu “Etxahun Iruri bühürri, gorri, euskaltzale, abertzale, bakezale” kantaldian. Lextarreko entzuleen erdira lapurtar eta baxenabartar zonbait joanik, entzuleen beharrietara kantua eta musika igortzen zituen etxe pareta handi bati bizkarrez zauden Mixel Arotze eta Jean-Mixel Bedaxagar. Goragailurik gabe, noiz nola bakarka, bertzenaz bi ahots ederretan, biak ezin hobeki kantuz ari. Haien bi aldeetarik aurkitzen ziren Jean-Christian Galtxetaburu esku-soinularia,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016