Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Uztailaren 23a
Sua - Baztandarren biltzarra - Etxe kurri - Liburu aurkezpen - Feria eta erakusketa - Saltegi berri bat
Sua
Joan den ortzegun goizean, 7:30ak irian abiaturik, suak kalteak egin ditu Baigorriko jendarmerian. Bulegoak eta garajeak dira gehienik funditu, jendarmeen eta hauen familien bizitegiak ez dira hunkituak izan eta beharrik, ez da kolpaturik izan. Inkesta bat hasi dute berehala jakiteko zerk duen su hori piztarazi eta iduriz, elektrikatik jin ditaike makurra. Baigorri, Ortzaize, Donibane Garazi eta Iholdiko suhiltzaileak etorri dira lekura.
Baztandarren biltzarra
Baztandarren besta eta karro apainduen ibilaldia joan den igandean iragan dira Elizondon. 15 herri, 15 karro! Urte guziz bezala, auzo gisa, gure herriko gaiteroek eta Arrola taldeko dantzariek ere parte hartu dute.
Etxe kurri
Herriko bestak agorril hastapenean ditugu bainan besta komiteko gazteek etxe kurriak hasiak dituzte. Uztailaren 25ean, ibiakoitzez, Otikorene, Bortzirieta, Okoze, Germieta eta Iparragerreko etxeetara hurbilduko dira.
Liburu aurkezpen
“Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian”. Hau da ortzegun huntan (uztailaren 23a) Markel Arriolabengoak eta Jasoba Errekondok presentatuko daukuten liburuaren izenburua. Hitzaldi eta solasaldia, Herriko Etxean (19:00).
Feria eta erakusketa
Uda huntako lehen feria gastronomikoa herriko plazan iraganen da uztailaren 26an (igandea). Goizean (10:30) indar jokoak. Karia hortara, Ortzadarra elkarteko margolariek heien obrak Herriko Etxeko koralean hedatuko dituzte. Erakusketa hau bezperatik hasiko da. Gure artisten lanak ibiakoitzean ere ikusten ahalko dira, egun guzian.
Saltegi berri bat
Lore eta landare saltegi bat izanen da. Groupama asurantza bulegoaren toki ohian plantatu da (edo adin puxka bat dugunentzat lehengo “Epargne” epizerian). Cindy Lecomte deitzen da eramailea, badira 6 urte Baigorrin bizi dela. Arrunt sail aldatze bat da hunentzat, hezitzaile berezitu baitzen orain arte eta behar ziren formakuntzak segitu ditu ofizio berriarentzat. Konfiantzaz beterik abiatzen du komertzio hori, iduritzen baitzako badela galdea. “Boutures” izena eman dio bere magasin berriari. Proposatuko ditu lili fresko edo idortuak, barneko edo kanpoko landareak eta untziak ere. Saltegia idekiko du astearte, ortzegun, ortzirale eta ibiakoitzez (9:00-12:30/15:00-18:45). Igande eta pausa egunetan (10:30-12:30). Suerte on!





