Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Uztailaren 23a
Suhiltzaileen bala - Amotzeko bestei begirada - Argazki erakusketa - Umoristak - Mus txapelketa Serres-en - Euskal jokoak
Suhiltzaileen bala
Jaz izan zelakoan lehen ekitaldi arrakastatsua, antolatzaileek nahi ukan dute bigarren ediziora gomitatu publiko zabala. Uztailaren 24an, ostiral arratsean (19:00) iraganen da, suhiltzaileen zentroaren saihetsean. Garagarno bestaren inguruan, euskal kantuek eta musika desberdinek animatuko dute gaualdia, izanen da jateko, edateko eta ongi ausatzeko parada.
Amotzeko bestei begirada
Berote zakarrak protagonismoa ukan badu ere, ekitaldi zonbait ezeztatzeko ordez gibelarazi dituzte, adibidez Amotzeko pala txapelketaren finalak. Aitortzekoa da parte hartzaileen aldetik beherakada ttipia sentitu dela, halere ostiraleko zikiroan 300 bat afaltiar izan dira eta igandeko bazkarian aldiz 60 bat. Larunbat arratseko gaualdia bikaina bilakatu da Andoni Oilokiegi, Xibalet elektrotxaranga eta Xiberoots taldeekin bertzeak bertze. Nola ez aipa igande arratsaldeko ekitaldia, hemen aurkitu dugu lehen aldikoz Alarma Morea bere erritmo bizi eta liluragarriarekin, benetan sorpresa ederra. Ondotik iragan den kantu txapelketa hari beretik joan da 6 talderen emanaldiekin, gehienak herritarrak, hauetan zonbait herriko suhiltzaile baita Zuberoatik etorritako 4 neska boza xarmagarriekin. Txapelduna bihurtu da Ikastolako haurren amek osatutako gaitzeko taldea, kantuaren bidez salatu nahi ukan ditu emazteen aurkako erasoak. Trinketeko pilota txapelketak eman ditu bere garaileak, X. Ibarrola-Larrek garaitu dituzte partida borrokatu baten ondotik Hiribarne-Murillo 40/32.
Argazki erakusketa
Arranoen Begia elkarteko kideek beren urteroko lana aurkezten dute Elkartetxeko Zaldubi gelan. Astelehenetik larunbat arte idekia da (10:00-12:00 eta 15:00-18:30), uztailaren 24tik abuztuaren 5era. Deneri idekia, sartzea urririk, bada zer ikusi.
Umoristak Larrekon asteartean
Uztailaren 28an (19:00 eta 22:30), umoreak beteko du Larreko kulturgunea Frantziak dituen zonbait goi-mailako umoristekin. Hemen aurki daitezke Camille Lelouche, Nino Arial, Rodrigue, Elies Zoghlami, Nash up eta Ayrton Gomes. Oren bat eta laurdeneko iraupena, prezio osoa 35,80€, prezio murriztua 29,90€, erreserba https://billetterie.festik.net/emjycomedyshow.
Mus txapelketa Serres-en
Ostiral huntan, uztailaren 24an, Jondoni Jakubeen ospatzeko, auzo hortako komiteak antolatzen du mus lehiaketa, kaperaren ondoan. Izen emateak lekuan bertan (19:00), txapelketa hasiko delarik (20:00) ttanko. Parte hartzea 10€ presunaka, 100€-ko saria irabazleentzat baita bertze gauza asko.
Euskal jokoak ostegun huntan
Nola txapelketa berezi hunek Senperera itzuli bat egiten duen, uztailaren 23an (20:30), pilota plazan iraganen da ekitaldia. Kirolariek gure sostengua merezi dute.





