Gure Hitza | 2026ko Azaroaren 05a

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez zuten bertsolari andanak agur bedera gogo onez abestu zuten. Gero, bazkal denboran ostatuetan zer kantu xaramelak, bertzeak bertze Ibaigorri abesbatza eta Larraine herriko Etxekopar tenore famatua sustatzaile! Haatik, arratsaldea bestelakoa izan zen. Alde batetik, hegotik buhatzen zuen haize izigarri latzari ihes, bertso saioko entzule guziak plazako estalpe erraldoian ezin koka, eta azkenik ilunabarrean barreiatu zen berri txarra. Egia da azken hilabeteetan osagarria mendratu zitzaiola Xalbadorri, baina nork asmatuko zuen ez zela berriz taulen gainera itzuliko? Hiru egunen buruan, Urepeleko eliza ttikiegi zen ehorzketetara jin jende ostea aterbetzeko. Han ginenok atzo izan balitz bezain untsa oroit gira bi egun haietaz.

Xalbadorren dohainak bere hoberena eman zuen bertsolari onekin maiz kantatzeko parada eta suertea ukan zituelako. Ez da errana hain ardura kanta zezakeela ez balira izan saio antolatzaile eta gai emaile suharrak; hala nola Hernandorena, Labeguerie, Haritschelhar, Satrustegi, Izeta, Itzaina, Larre, Curutchet, Lekuona, Ibaiertz, Artola, Aranalde, Atxaga eta Iriondo. Gero, garrantzizkoa izan da Antonio Zavalaren xinaurri lana, urepeldarra bultzatu baitzuen bertso sail berrien idaztera, ondotik liburu baliosak osatzeko, oroz gainetik Odolaren Mintzoa, liburu haietatik ikasi duten hainbat abeslariei esker bertso loriagarrienak betirako kantagai emanik daude. Esperantza atxik dezagun belaunaldi berriei ere interesatuko zaizkiela Euskal Herriko bizimoduaren alderdi gehienez euskara garbi eta aberatsean moldatu bertso sentikorrak. Larunbat honetan Urepeleko mezan kantatuak izanen dira fedeari buruzkoak. Bertzalde, azaroaren 28an Xabier Amuriza Urepelera etorri beharra da “Xalbador bat-bateko mirakulua” aurkeztera eta kantatzera. Beraz, abestetik ez gaitezela geldi!

Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016