Ba ote dakixu? | 2026ko Azaroaren 05a
Verdungo bataila (6/6)
Gilen Bacho
Noria sistema, aldizkatze sistema bat zena, gizonen akidura saihesteko antolatua izan zen (ez humanitario arrazoiengatik, baina Pétainek manera hoberena zela gerla irabazteko uste baitzuen). Soldaduak ez ziren aste bat baino gehiago lehen lerroan egoiten. Ondorioz, astero aldizkatze masiboak eramanez, frantses armadako soldadu gehienek (kasik hiru laurdenek) Verdungo batailan parte hartu zuten memento batez.
“Verdunek Frantzia sinbolizatzen du”
Horregatik, gerlaren ondotik, Joseph Delteil idazleak, Verdunen soldadu izan zena, “Verdunek Frantzia sinbolizatzen (zuela)” idatzi zuen. Beste soldadu batek, Jacques d’Arnoux-ek, “Verdun ez zuenak egin ez (zuela) gerla egin” gehitu zuen. Faltsua izanik ere, erranaldi horrek Verdungo batailak leku ikaragarria hartua zuela memorioetan erakusten zuen, eta Pétainek hori abilki erabiliko zuen bere fama indartzeko. Baina, Pétainen xarmak ez zuen Joffre hunkitu. Frantses jeneral buruak ez zuen onartu Pétainen defentsa-estrategia eta, martxoan jada, ofentsibak eramatea manatu zion “etsaiak hartu zuen lurra berriz konkistatzeko”. Sustut, Pétainen “pesimismoa” salatu zuen, frantsesek ingelesen laguntzarik gabe ez zutela luzaz erresistituko alemaniar erasoari uste baitzuen Pétainek (jada, genezake erran!). Horregatik, Joffrek Pétain ordezkatu zuen eta Nivelle jenerala Verdun sektoreko komandante berri bihurtu zen maiatzaren 1etik goiti. Nivelle, Joffre bezala, ofentsiba-estrategiaren aldekoa zen baina, lehen asteetan, ez zuen ofentsibarik eraman ahal ukan, alemaniarrek eraso handi bat berriz piztu baitzuten ekainean, Vaux gotorlekua hartuz, frantses soldaduen erresistentzia heroikoagatik ere.
“Gerlaren enkarnazioa”
Alemaniarrak Verdundik 4 kilometrora heldu ziren (Souvillen) baina ez zuten gotorlekua sekula konkistatuko, frantses dibisio berri zenbait igorriak izan baitziren, tropen hornitzea segurtatua izan baitzen (“bide sakratuari” esker) baina sustut beste bataila handi bat hasi baitzen uztailaren 1ean, Sommeko bataila, Pikardian. Aliatuen eraso handia. Ofentsibaren lehen eguna, britainiar militar historiako egun odoltsuena izan zen, 20.000 hilekin (frantziar militar historiako egun odoltsuena 1914ko agorrilaren 22an izan zen, 27.000 hilekin). Horregatik, Sommeko batailak Erresuma Batuan Verdungo batailak Frantzian duen leku bera betetzen du egun oraino. Ondorioz, alemaniarrek indar anitz Pikardiara igorri behar ukan zituzten eta ez zuten aski indarrik begiratu Verdungo sektorean ofentsiba berriak eramateko. Verdunen, Sommeko eskualdean bezala (non, azkenean, fronteko lerroa ez zen kasik mugituko ere), indarren oreka gero eta argiago zen eta irabazi zen lurraldea laster galdua zen eta alderantziz (Vaux herria 13 aldiz eskuz kanbiatu zen, Fleury 16 aldiz!). Azkenean, urrian eta azaroan, Nivellek kontra-eraso erabakigarria piztu zuen eta frantses armadak Douaumont eta Vaux-ko gotorlekuen kontrola berriz hartu zuen. Abenduan, Verdungo bataila bukatu zelarik, frantsesek galdu zuten lurra berreskuratu zuten, fronte lerroa ez zen kasik mugitu. Hori dena, 300.000 hil eta 400.000 kolpatu, horretako! Delteil-ek Verdun “gerlaren enkarnazioa” zela idatzi zuen ere. Bai, dudarik gabe, gerlaren basakeria eta zentzugabekeriaren enkarnazioa.





