Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Azaroaren 05a

Omiasainduko meza, Elkarteen biltzar nagusiak eta Euskararen urtaroa

Omiasainduko meza

Gure apeza Jean-Marc Lavignek, Omiasainduko meza ederra eman ondoren, hilabete batez kanpoan egon beharko duela jakinarazi du, osasun arrazoiengatik: arthrodese ebakuntza eginen diote L3 eta L4 ornoetan azaroaren 4an, asteazkenez, eta ondotik pausaldi bat hartu beharko du. Anartean, ez da astean zehar mezarik izanen (salbu ehorzketa mezak, horiek ordezkari batek bermatuko ditu). Larunbat eta igandetan meza bana izanen da.

Milesker liturgia zerbitzu horietarako libre izan diren apezeri: Dominique Cornu, Pierre Boyer, Michel Sallaberry, Dominique Sentucq, Philippe Haristoy eta Michel Garat jauneri. Kuraia on gure apezari bere ebakuntzarako, dena ongi pasatuko dela eta trenpu gaitzean itzuliko dela espero dugu.

Elkarteen biltzar nagusiak

Foyer de Bardos elkarteak bere 2026ko biltzar nagusira gonbidatzen gaitu azaroaren 7an, herriko zinema gelan (11:00). Pasa den urteko bilana eginen dute kideek, bai eta heldu den urtean zer proiektu izanen diren azalduko dute. Gauza bera Bardozen Kantuz taldeko kideentzat, azaroaren 12an ostegunez bilduko baitira biltzar nagusirako, Salha Jauregiko behereko gelan (20:30).

Euskararen urtaroa

Euskararen urtaroa azaroaren 8tik abenduaren 2ra iraganen da Bardozen, eta egitarau eder bati esker, euskaraz gozatzeko hamaika parada izanen ditugu gure herrian!

Azaroaren 8an, igandearekin, Cécile Garciak musikoterapia tailerra animatuko du mediatekan (11:00). Azaroaren 13an ostiralarekin, idazketa tailerra LM1etik goiti eta adin guztiendako ipuin irakurketak izanen dira mediatekan (17:00).

Ondoko ostiralean, azaroaren 20an, Watson eta Bardozen Kantuzek kantu pintxo gaualdia alaituko dute Salha jauregiko behereko gelan (19:00).

Azaroaren 25ean, goizean Oinutsik elkarteak yoga kurtso bat familian egiteko proposatzen digu Salha jauregiko gaineko gelan, eta arratsaldean Libreplume elkarteak ipuinak kondatuko ditu mediatekan.

27an, ostiralarekin, Kattalin Sallaberry eta Arantxa Hirigoyen “Bi-hots” taldekideek “Ahurtara bat ipuin” izeneko ipuin sorta emanen dute mediatekan (18:00).

Eta programazio aberats hori borobiltzeko, Cécile Garciak haur burasoentzat kontzertu interaktibo bat alaituko du mediatekan (16:00).

Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016