Euskal diaspora | 2026ko Azaroaren 05a

Villa Mariako Euskal Aste Nazionala, Valentzian euskal kantuz, Mendozako Denak Batek 70 urte eta Zinema Txileko Santiagon

Joseba Etxarri

BERLIN. Aste honetan euskal musika eta herri kirolak, eta azaroaren 13-15ean Euskal Zinemaldia, Berlingo Euskal Etxea antolatzaile
BERLIN.%20Aste%20honetan%20euskal%20musika%20eta%20herri%20kirolak_%20eta%20azaroaren%2013-15ean%20Euskal%20Zinemaldia_%20Berlingo%20Euskal%20Etxea%20antolatzaile

VILLA MARIA, ARGENTINA. Asteroko txoko honek ez du ardura aski leku ematen munduan gure Diasporan agitzen diren gauza guztien biltzeko, eta osoki aipatu gabe genuen urriko bigarren asteburuan Argentinako Cordoba probintziako Villa Maria herrian ospatu zuten Euskal Aste Nazionala 2026. Duela 13 urte antolatu zuten azken aldikoz elkarretaratze nazional handi hau eta aurten berriz ekarrarazi dute herrira, Villa Mariako Euzko Etxeak 80 urte betetzearen karietara. 40 bat euskal etxe bildu ziren, Uruguai, Txile eta Peruko ordezkari batzuk ere; herrialde osoko 30 dantza talde, musikari, koral, liburuzain, kirolari eta oro har kulturagile partaide. Euskal gaiko lau liburu aurkeztu ziren: bat euskaraz, euskara ikastearen lekukotasuna Diasporatik emanez, beste bat memoriaz Argentinan, Kolonbian eta EHan, hirugarrena EHaren gidaliburu bat Argentinako diasporakoendako, eta azkena, Argentinan hazten diren Gernikako Arbolaren 60 kimuez.

FEVA federazioak urteko bere bilkura nagusia egin zuen, herri-kirol norgehiagokak, esku-pilota partidak, musa, koralen kontzertua, DOAko (Diasporako Orkestra Argentinarra) musikariek lana izan zuten karriketan zein La Rural esparruan eta Costanera pasealekuan zuzeneko musika emanik... Euskal Selekzioko pilotariak han ziren (ondotik hasiko baitzen Buenos Airesen eta Uruguaiko Colonian Munduko Pilota Txapelketa), 'Tio Teronen semeak' dantza/umore talde donostiarra arizan zen, Xabi Solano trikitilaria eta bere taldea bezala, baita 'Kimua dantza kolektiboa' lizartzarrak ere. Argentina osoko danborrariek Danborrada donostiarra plazaratu zuten, dantza talde euskal-argentinarrak oholtza gainean larunbatean eta karrikan batera dantzatzen igandean... Agintarien artean, FEVAko buruzagitza eta euskal etxeetakoak, eta Eusko Jaurlaritzako Bengoetxea lehendakariordea, Ander Caballero, Ziortza Olano eta Sara Pagola, EAJ eta EHBilduko ordezkariekin. Heldu den urtean Rosarioko 'Zazpirak Bat' EEak hartuko du Euskal Aste Nazionalaren lekukoa.

VALENTZIA. Joan den asteburuan 'Euskara ikasleen topaketa' egin ondoren, honakoan Euskal Kultur Astea eginen du Valentziako Euskal Etxeak, kantuaren inguruan, kantika bat aurkezturik eta jendeari kantatzeko xantza frango emanik, programako parte, azaroaren 6tik 8ra, erakusketak, hitzaldiak, Gabi de la Mazaren karaoke erakustaldia (bere Txantxangorria.eus webguneak 4.500tik goiti euskal kanturen karaoke bideoak biltzen ditu), pintxoekin igandean, eta kantutegiko arte erakusketarekin (Xolbi). 1950ean sortu euskal etxea da Valentziakoa.

MENDOZA, ARGENTINA. Bere 70. urtebetetzea ospatuko du aste honetan Mendozako Denak Bat EEak, eta ostegun, ostiral eta larunbatean ospatuko, haritzak landatuz, kantatuz, mus txapelketa batez, 'El Vasco' filma emanez, eta 70 urteen afari ederra eginez ebiakoitzean heien egoitzan. Eta azkenik, aipatu besterik ez, aste osoan, astelehenetik ostiralera, egiten ari direla Txileko Santiagon Euskal Zinema Zikloa, Unibertsitate Katolikoan; eta hiriko Euzko Etxean, 'Herri Bazkaria' iragarri dutela larunbatean, azaroaren 7an. Guztieri, gure agiantza onenak!


Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016