Mundu zabalean | 2026ko Azaroaren 05a

Familiak Europar Parlamentuan, pestizidak solas

Menane Oxandabaratz

Europar Parlamentuan haurren minbizia jasan duten burasoak
Europar%20Parlamentuan%20haurren%20minbizia%20jasan%20duten%20burasoak

Lehen aldiz pestizidengatik hil diren haurren burasoek adierazpen bateratua Europako Parlamentura ekarri dute. “Omnibus” deitu legea europar diputatuek eztabaidatzen hasiak direla eta, burasoak beren lekukotasunak eta kezkak erakusteko baliatu dira.

Buraso haserretuak

“Haurren minbizia stop” elkartea Estrasburgoko Europako Parlamentuan, urriaren 20an, Omnibus X lege proposamenaren kontra mobilizatu da. Glyphosatearekin kontaktuan egon ondoan hil ziren haurren hainbat buraso etorriak ziren, tartean Édouard Exilard amikuztarra. Alban 4 urte, Maitena 5 urte, Cloé eta Emmy 11 urte… hil ziren haurrak zerrendatuz hitza hartu dute. Isilune hunkigarria, haurtzaro lapurtuen istorioa.

Hitzaldian europar arduradunei mezua zabaldu nahi ukan dute: “Omnibus legearen alde bozkatuz, familia guzietan haurrek minbizia harrapatuko dute, hautatu behar da, pentsa zuen seme-alabei!”. Marie Thibaut “Haurren minbizia stop” elkartearen sortzaileak zioen: “Paziente bakoitzaren gibelean, bizitza hautsiak badira”. Sabine Grataloup, Théoren amari, bere semea malformazio larriekin sortu zitzaion. Pestizida Biktimen Konpentsazio Funtsak onartu du amak haurdunaldian glifosate esposizioa jasan zuela. Zioen: “Zientzia frogak eta ikerketak 1.000 orrialde baino gehiagoko txosten batean bildu behar ukan genituen. Sufrikarioan den familia baten esku da holako ikerketa baten egitea?”. Édouard Exilard-ren Maitena alaba 2005eko abenduan hil zen. Europar parlamentariei zabaldu duen mezuak zalantzarik ez du uzten: “Omnibus legearen alde bozkatuz, familia bakoitzean minbizia jasan beharko da, hautatu behar da, pentsa zuen haurrei”.

Europar legegintzaren ardura

Lekukotasun hauek erabaki politiko garrantzitsu batean kokatzen dira, Europako Batzordea Omnibus izeneko legea eztabaidatzen ari denean. Pestiziden arauak arintzeko lege proposamen horrek, gaur egun aplikatuak diren hainbat neurri kenduak litzateke: baimen mugagabeak, dronek pestizidak errexago lainoztatzea eta substantzia arriskutsuentzat luzapen sinplifikatua. Salomé Roynel, Pesticide Action Network Europe Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunak zioen: “Dekretu honek epe luzera Europako araudi espazioa ahultzeko arriskua du”.

Oposizioa ez dator soilik elkarteetarik, zientzialariek, abokatuek, baita Nazio Batuen txosten batek, pestiziden arazoa jendartearen osasunerako dituen ondorioak agertzen dituzte, prebentzio printzipioa plantan jartzearen beharra aipatua da.

Lehentasunezko prebentzioa

Iragarritako atzerapauso honen aitzinean, “Ordenantza Berdeak” deitu koalizioak alternatiba bat proposatzen du. Dispositibo honekin osasun profesionalen gomendioak, kimikoen esposizioaren inguruko tailerrak onuradunen baliabideetara egokituak izan behar dira. Martin Rieussec-Fournierrek Planetaren Osasunerako Elkarteen presidentearentzat: “Pestizidetatik eta endokrino oztopoetatik babesteko buraso guziei informazioa zabaldu behar zaie. Elikagai sanoak eskuragarriak izaiteko laguntza ekonomikoak beharrezkoak dira. Gure nahikaria sortuko diren haurren esposizioa saihestea da, Europan lehentasun absolutua ukan behar du”.

Haurdunaldia arriskutsua dela errana izan da, garai honetan endokrino nahasgarrien esposizioa haurraren garapenerako kezka handiena dela uste da.

Europar Parlamentuko pestiziden kontrako mobilizazioa, dinamika zabalago batean kokatzen da, 1.200 kilometroko txirrindularitza kanpaina abiatu berri da. “Gure Osasunaren aldeko” deitu mobilizazioak, urriaren 10ean hasia, bost estatu zeharkatuko ditu: Frantzia, Belgika, Luxenburgo, Alemania eta Suitza, Genevan bururatzeko. Europako Parlamentuan iragan ekimena, kanpaina honetan sartzen da, pestiziden biktimen eskubideak zein diren aldarrikatzeko eta familiak defendatzeko.

Pilatzen diren datuak

Mobilizazio hori ez da emozioetan oinarritzen. Antolatzaileek hainbat erreferentzia zientifiko aipatu dituzte. Tartean egina izan den Inserm-en pestiziden inguruko adituen lan kolektiboa, bai eta Géocap-Agrirena haurren minbizien ondorioari buruzko ikerketa. 2025eko martxoan, Santé publique France egiturak 2000/2020 urte artean egin dokumentuan agertzen da haur eta nerabeen minbiziaren bilakaera.

Koalizioak eta hunkiak izan diren burasoek laborantza eta elikadura politiken eraldaketa zabalagoa eskatzen dute. Pestizidak debekatzea, laborantza ekologikoa garatzea, kantinetan jaten den janaria eta merkatuetan saltzen diren produktuak ez daitezen kutsatuak izan.

Europar parlamentuan egina izan den agerraldian, Europan erabakiak hartzen dituzten hautetsiei alternatiba bat proposatua izan da. Bestalde, Omnibus legea ez onartzea, prebentzio osasun politikoen alde egitea dela azpimarratuz.

Datozen asteetan, Europako tartean aurrekontu eta legegintzako eztabaidek markatuta, lehen aldiz biktimak zuzenean ekarritako alertak etorkizuneko erabakietan eragina ukanen duen ala ez ikusiko.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016