Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Azaroaren 05a

Bizi garestiaren kontra, hirugarren larunbatez karrikan, Bortizkerien biktimek abokatu batengana jotzen ahalko dute ospitalean eta Nafarroako erromatar aztarnak Euskal Museoan

Irati Esparza Guimon

Milaka jende bildu da Baionan.
Milaka%20jende%20bildu%20da%20Baionan.

Bizi garestiaren kontra, hirugarren larunbatez karrikan

Urriaren 31n, hirugarren larunbatez segidan, milaka lagun bildu dira Baionan bizi garestiaren kontra. Sindikatuen arabera, 3.000 lagunek parte hartu zuten, aitzineko larunbatean 8.000 izan zirelarik. Manifestaldia lasai iragan zen, prefeturak baimendu ibilbidean. Martxa bururatzean, poliziek gas negar-eragilea erabili zuten Askatasun plaza eta Santespieta zubia husteko, eta 12 lagun atxilotu zituzten.

Bestalde, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduak prentsagiri batean jakinarazi duenez, 50 bat lagun elkarretaratu dira eguerditan Baionako komisaldegi aitzinean. EHEk salatu du duela hilabete bi poliziek 15 urteko ikasle bat gogor kolpatu zutela, ikaslea euskaraz mintzatu zitzaielako. Mugimenduaren arabera, bi poliziak ez dituzte oraino erruztatu. Zenbait poliziaren jarrera euskarafoboa ere salatu du, bai eta poliziek eta haien agintariek manifestatzaileen aurka darabilten bortizkeria ere.

Poliziek kolpatu dituztela diotenek pausatu salaketak lehenbailehen aztertzea eta auzitan diren poliziak erruztatzea eskatu du EHEk. Salaketa eta eskaera horiek komisaldegiko arduradunei helarazi nahi izan dizkiete elkarretaratu direnek, baina, mugimenduaren arabera, poliziak eragotzi die.

EHEk bat egin du azken egunetan karrikara atera diren ikasle eta herritarren aldarrikapenekin. Ikasleen ikasketa baldintzak hobetzea, azterketak euskaraz pasatzeko ahala bermatzea eta bizi garestiari buru ematea galdegin du.

Bortizkerien biktimek abokatu batengana jotzen ahalko dute ospitalean

Euskal Kostaldeko Ospitaleak eta Baionako Abokatuen Elkargoak hitzarmena izenpetu dute bortizkerien biktimei aholku juridikoa eskuratzeko bidea errazteko. Abokatuek permanentzia atxikiko dute ospitalean berean. Hala, artatzera heldu diren pertsonek beren eskubideez eta egin ditzaketen urratsez galdetzen ahalko dute bertan, ospitaleak jadanik eskaintzen dien laguntza mediko, psikologiko eta sozialaren osagarri.

Nafarroako erromatar aztarnak Euskal Museoan

Zer aztarna utzi dituzte erromatarrek Nafarroan? ATEA arkeologia proiektuko taldeak gai hori jorratuko du azaroaren 12an, ortzegunez, Baionako Euskal Museoan (18:00). Hitzaldia urririk da, baina aitzinetik izena eman behar da, 40 lagunendako baizik ez baita lekurik. Erreserbak 05-59-59-08-98 zenbakira deituz egin daitezke.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016