Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Azaroaren 05a

Jean-Pierre Mendiboure arruetarrak utzi gaitu, Euskarazko solasaldia eta “Promesarik txikiena” antzerkia

Battitta Boloquy

Jean-Pierre%20Mendiboure%20arruetarrak%20utzi%20gaitu_%20Euskarazko%20solasaldia%20eta%20Promesarik%20txikiena%20antzerkia

Jean-Pierre Mendiboure arruetarrak utzi gaitu

Laborantza eta politika munduan anitz ezagutua zen Jean Pierre Mendiboure. 84 urtetan pausatu zaigu. Bere ehorzketak urriaren 26an iragan dira Arrueta-Sarrikotan.

Ithorrotzen sortu zen 1942an eta haurra zelarik bere burasoak segitu zituen Marokorat. Jean-Pierrek 17 urte zituen berriz Euskal Herrira itzuli zirelarik. Hirurogeiko hamarkada eta Euskal Herria deskubritzen zituen. Garai hartan Euskal Herriak bizitzen zituen borrokek hazi zuten Jean Pierren kontzientzia. Laborantzan plantatzea deliberatu zuen eta Arruetan erosi zuen “Aphatia” etxaldea. Zerri hazkuntzan hasi zen eta ondotik behi hazkuntzan. Kiwi alor ederra ere bazuen. Maddi bere lagunarekin alaba bat ukan zuten, Maialen.

Jean Pierren ehorzketa egunean, Xabi Larraldek bere lekukotasunean, Aljeriako gerlak biziki hunki zuela Jean Pierre azpimarratu du, gerla horrek argiki erakustea emanez Estatu baten gerla koloniala zer den.

Jean Pierre militante sutsua izan da lehen lehenik laborantza arloan gehitzen zuen Xabik. 1970ean GFA sortzeko lehen lerroan zen. ELBren sortzailetarik izan zen. Euskal Herriko eta Biarnoko behi hazle batzuk biltzen zituen sindikatuan gaitzeko lana egin zuen. ELB sailean beti laborari ttipien alde jo du eta nekezian zirenak luzaz sustengatu ditu.

Jean Pierre, laborantza saileko militante handia izan bada, politika sailean ere bere eginahalak egin ditu. Hona nola bururatzen duen Xabik bere lekukotasuna: “Jean Pierrek Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari ekarpen sendoa egin dio. Azken urteetan bi gaiekin obsesionatua zen: oraindik kartzelan irauten duten presoen egoera, eta gerla zikinak, GAL-ek eragin dituen zauriak”.

Jean Pierren pertsonalitatea anitzek ezagutu dugu kiwi biltzeko sasoian. Anitz lagun eta auzo gomitatzen zituen lanera eta ondotik afaltzera. Mundu eta ikuspuntu desberdinetatik heldu zirenak. Haiekin denekin Jean Pierrek bazekien harreman goxoa lortzen, izanik zenbaitetan zorrotza. Denak goxoan sentitzen ziren berarekin. Jendea maite zuen Jean Pierrek!

Gure doluminak Maddiri eta bere familiari.

Euskarazko solasaldia

Liburuak elkarteak antolaturik, euskarazko solasaldia ibiakoitz honetan, azaroaren 7an, iraganen da Amikuzeko mediatekan (10:00). Sasoiko gai desberdinak mahai gainean izanen dira.

Bistan dena, Omiasainduko eguna, Xarles Videgainek Herrian eman azalpenak hor izanen dira. Lurramaren gaia ere solasgaietan izanen da. Nola ez aipa Euskaltzaleen Biltzarraren 125 urteak baita Burgaintziren 50. urtea kari emana izan den ikuskizuna.

Gogoa baldin baduzue, joan goxoki, harreman beroena egina izanen zauzue.

“Promesarik txikiena” antzerkia

Kitzikatzan taldeak gomitaturik, Maiana Etxeberri Keufterian amikuztarra, Infinitu drama konpainia bere antzerki taldearekin, hurbilduko zaigu gaurko solasez, poesia eta umore zirtoez osatzen duten antzerki musikalaren aurkeztera. Donapaleun entzuteko parada ederra dugu azaroaren 10ean, asteartez, zinema gelan (20:30).

Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016