Hegoaldean | 2026ko Azaroaren 05a
Nork maneiatzen du nor?
Xotroinetik, Pablo Joxe Aristorena
Urriko azken astelehenez istilu larriak izan dira Bilbon. Ertzaintzak 19 lagun atxilotu ditu, tartean zazpi adin txikikoak. Istiluen oinarrian, Vito Quiles eskuin muturreko gazte espainiarrak Deustun egin asmo zuen ekitaldia. Honi aurre egiteko, Bilboko zenbait talde antifaxistek deialdia egin zuten. Deustuko Unibertsitateak, arratsaldeko bere egitekoak utzi eta campusa hetsi zuen. Azkenean, Quilesek, eskuin muturreko inarrosleak, bere ekitaldia bertan behera utzi zuen. Talde antifaxisten deialdira bildutakoak ere sakabanatzen hasi ziren. Baina, ez denak... Batzuk zabor ontziei su eman ondotik, ertzainei eta Deustuko Ertzaintzaren komisaldegiari harri jaurtika hasi, autoak kiskali, dendak xehatu… Bilbon ez da usu ikusi gisa honetako istilu larririk. Politikari ororen aldetik heldu zen istiluen gaitzestea. Deialdi antifaxistaren antolatzaileek ere bortizkeria honekin loturarik ez zutela jakinarazi zuten. Bilboko gertakariak baino bi egun lehenago, ber gisako istiluak eta 128 atxilotu –76adin txikikoak– izan ziren Bartzelonan. Espainiako Gobernuak sare sozialen bidez antolatzen den eskuin muturrari leporatu zizkion Kataluniako istiluak. Bilboko gertakarien gibelean ere “Blocus” deritzan mugimendua dagoenez ikertzen hasi zen polizia eta ortziralean 20 urteko gazte bat atxilotu zuten Bizkaiko hiriburuan. Bertze bederatzi lagun atxilotu dituzte Espainiako zenbait hiritan, gehienak Valentzian. Hortaz, betiere Polizia iturrien arabera, irudi luke Parisen, Marseillan, Lyonen izandako istiluak edota Alemanian, Italian eta Herbeheretan atzeman diren “Blocus” mugimenduaren deialdiak, Bilboko eta Bartzelonako istiluen garro luzeekin bat egiten ahal dutela. Administrazioaren maila ezberdinetan, polizia familia ezberdinen ikerketetan, hedabidetan, orotan bada oraino datu nahas-mahasa eta galdegiten dute, Euskal Herrian eta Europan, ez-ohiko egoera eta mugimendu berrien aitzinean ez ote gauden. Hala ere, istiluen beroan, bereziki Bilboko istiluen beroan, garai bateko mamu tzarrik berpizten saiatu denik ere bada.





