Herriz Herri - Kanbo (L) | 2026ko Azaroaren 05a
Euskararen Urtaroa: bost hitzordu euskaraz gozatzeko eta Hamar egun pantailarik gabe
Irati Esparza Guimon
Euskararen Urtaroa: bost hitzordu euskaraz gozatzeko
Euskararen Urtaroa kari, Kanboko herriak haur, gazte eta helduentzako hainbat hitzordu proposatzen ditu. Ipuinak, antzerkia, irakurketa eta tailerrak izanen dira egitarauan, euskaraz aritzeko eta euskal kulturaz gozatzeko. Ekitaldi guziak urririk izanen dira.
Azaroaren 7an, larunbatez, Kattalin Sallaberry eta Arantxa Hirigoyenek “Ahurtara bat ipuin” ipuin-kontaketa eskainiko dute mediatekan (10:30). Lau eta bederatzi urte arteko haurrei zuzenduriko saioak 40 minutu iraunen du.
Azaroaren 13an, ostiralez, Imanol Epelde AIEC gelan izanen da, “Zerbait sartu zait begian” antzerki garaikideko ikusgarriarekin (19:00). Hamasei urtetik goitikoentzat izanen da, sartzea libre.
Biharamunean, azaroaren 14an, Chantal Barnetche idazleak “Tartaro” liburuaren inguruko irakurketa eta sorkuntza-tailerra animatuko du mediatekan (10:30). Zazpi eta hamar urte arteko haurrek irakurri, solastatu eta sortzeko parada izanen dute. Bi orduko tailerrean hamabost haur hartuko dira gehienez.
Euskara ezagutu nahi dutenek ere izanen dute beren hitzordua: azaroaren 21ean, larunbatez, Jakinola elkarteko Orianek hastapen-tailerra eskainiko du mediatekan (10:00). Hizkuntza jolasaren bidez ezagutzeko eta lehen euskal hitzak ikasteko aukera izanen da.
Azkenik, abenduaren 2an, asteazkenez, Pontx pailazoak "Bisitari" ikusgarria emanen du mediatekan (10:30). Hiru urtetik goitiko haurrei eta familiei zuzenduriko saioak 45 minutu iraunen du.
Mediatekako hitzordu guzietarako aitzinetik izena eman behar da, 05-59-93-50-70 zenbakira deituz edo mediatheque@mairie-cambolesbains.fr helbidera idatziz.
Hamar egun pantailarik gabe
Kanboko herriak “10 egun pantailarik gabe” desafioaren aurkezteko informazio bilkura publikoa antolatzen du azaroaren 17an, asteartez, Larrazkena gelan (17:30). Haurrek eta familiek aisialdiko pantailen erabilera murrizteko bideak izanen dituzte aipagai. Egitasmoa, eskainitako tresnak eta tokiko eragileek parte hartzeko moldeak aurkeztuko dira. Bilkura deneri idekia izanen da.





