Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Azaroaren 05a
Eguberriko Merkatua, 1918ko armistizioa, Dantza eta antzerki tailerra, Mediatekan euskarazko liburu baten aurkezpena, Larre erretzeak eta Jazz eta Swingaren orkestra
Jean Louis Bessonart
Eguberriko Merkatua
Aurtengo Eguberriko merkatua iragarria da abenduaren 5ean, Larreko kulturgunean (10:00-18:00). Erakusketari nahi duenak juntatu Eguberriko merkatua baitan, izena emateko txostena bete behar du. Ondotik, Larreko kulturguneko zerbitzura itzultzekoa da, azaroaren 14a aitzin. Xehetasun guziak eta kontaktua: 05-59-54-93-96 edo culture.associations@senpere64.fr.
1918ko armistizioa
Christophe Jaureguy auzapezak eta herriko kontseiluak, 1918ko Armistizioaren oroimeneko zeremoniara gomitatzen dituzte herritarrak, azaroaren 11n, asteazkenez. Huna egitaraua, jende lerroaren elkarretaratzea Herriko Etxearen aitzinean (10:15), meza elizan (10:30) eta ohiko zeremonia Hilen Oroitarriaren inguruan (11:30). Ekitaldia bururatzean, adiskidantzako tragoa eskainia izanen da ezkontza gelan.
Dantza eta antzerki tailerra
Azaroaren 11n, Larreko kulturgunean mugitzeko, jolasteko eta irudimenari bideak zabaltzeko parada eskainia da, bakarrik, familian edo lagunekin (15:00). Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendaria eta Pantxika Telleria Elirale konpainiako koreografoaren gidaritzapean, utzi mugimenduak, jolasak eta elgarrekin egotearen pozak eramatera. Doakoa den oren bat eta erdiko tailerra denei zabaldua da, ausartu, ongi gozatuko duzue.
Mediatekan euskarazko liburu baten aurkezpena
Euskararen urtaroa kari, azaroaren 12an, euskarazko liburua Euskara eta Biok aurkeztuko digu Andrea Bella Garcia idazle uruguaitarrak (19:00). Euskaradun peto-petoa izanagatik, topaketa publikoarekin euskaraz izanen da. Euskara eta Biok jalgi hadi mundura, hona aurkezpena, euskarak zabaldu dizkio ateak parez-pare Euskal Herrian eta argitalpenaren xede nagusia da gaurdaino euskararekiko egiten ari den bidaia ezagutaraztea. Bere obraren osatzeko, Ainize Madariaga senpertarraren laguntza jaso du, bereziki ilustrazio testuen idazketan. Publikoarekin trukaketa iragan ondotik, eskainia den janari-edari mahaiaren inguruan, euskaraz gozatzeko parada emanen du. Sartzea librea da eta mediatekan izena ematea ongi etorria da.
Larre erretzeak
Mendiko suen sasoia ate joka dugu, 2026/2027 urteari begira, larre erretzeko galderak egin behar dira laborantzagintzako zerbitzuari. Interesatuak diren guziendako, eskaerak egitekoak dira azaroaren 2tik 27ra. Xehetasun guziak 05-59-54-54-58 zenbakira deituz.
Jazz eta Swingaren orkestra
17 musikariko “Big Band Côte Sud” taldeak inarrosi ditu Larreko antzokiko harmailak baita 250 ikusleen jarlekuak. Sekulako emanaldia plazaratu dute, Quincy Jones musikari ospetsuaren omenez, erritmo sendoan eta kobre distiratsueri esker. Urtero egiten duten ateraldian, bihotz-altxagarriko musika aurkezten dute, zaleak datorren hitzorduari beha dira jadanik.





