Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Azaroaren 05a

Ahantzi harrobian, gau beltzean dantzariak agertu, Larunbat goizean, haur ttipientzat UP ikusgarria eta Goiti Aire elkartearekin, diktaketa, azaroaren 10ean

Jean-Mixel Barbier

Helduak eta haurrak Xan Errotabehere kondalariaren entzuten
Helduak%20eta%20haurrak%20Xan%20Errotabehere%20kondalariaren%20entzuten

Ahantzi harrobian, gau beltzean dantzariak agertu

Joan den larunbat arratsean bazen mugimendu eta argi Aiherrako plaza inguruan. Autoak hor aparkatu ondoan, ehunka jende oinez joan ziren Harrieta etxaldearen ondotik pasatuz, plazatik 300 metrotan kokatua den Hardoia gunera, lehengo harrobira. Horrat hurbildu diren jende batzuentzat doi bat ahantzia zuten gunea baldin bazen, gehienek ez zuten batere ezagutzen, eta galde anitz egiten zuten, nahiz eta auzo herritarrak izan: “norena da eremu zabal hau? Noiz gelditu zen hemengo harrobia? Nork kudeatzen zuen?”.

Gu bezalako herritarrentzat, haur denborari lotu garaiaz oroitzeko parada izan da. Orduan kamioiak jo hara, jo hona ibiltzen ziren, harri karreun. Palek edo tresna bereziek bide nagusientzat, edo autobidearentzat beharrezkoa zen harriaren ateratzeko lan egiten zuten. Eguerditan sirenak jotzen zuenean, auzoentzat seinale zen bonba edo zapart-gailu handi batek arrokak eta batzuetan etxeko berinak inarrosiko zituela…

Lehengo oroitzapenak ahantzirik, dezagun erran joan den larunbat arratseko paisaiak ez zuela deus ikustekorik, duela zonbait urte hor ziren zilo guziak tapaturik, harri metak husturik, gune guzia ordokiturik eta berdaturik baitago orain.

Mendien arteko ingurumen natural eta ederrean arbola argituen saihetsean, Kalebo dantza ikusgarri biziki ederra eskainia izan da. Izan ere hamahiru dantzariz osatu taldeak euskal dantza arras berrikusiak ederki aurkeztu ditu erritmo azkarrean, Intza Irungaray zutela koreografo eta Anize Amestoy musika sortzaile.

Ondotik, Xan Errotabehere kontalariaren inguruan su bazterrean bildu helduek eta haurrek preziatu dituzte honen ipuin miresgarriak, betiko bizitasun eta talentu handiarekin kontatuak.

Toki xoragarrian gaualdi xoragarria preziatu dute horrat hurbildu 350 ikusleek! Lehen aldia zen ikusgarri bat antolatzen zela hor. Pentsa daiteke ez dela azkena izanen!

Larunbat goizean, haur ttipientzat UP ikusgarria

Aiherrako Eguzkilore haurtzain etxeak ikusgarri berezia antolatuko du, haur ttipiei zuzendua, Azaroaren 7an larunbat goizean, Denen Etxeko gelan (10:00). Eguzkilore haurtzain etxearen eta Konkolotx elkartearen alde antolatua den ekitaldia da, Lagun Arte konpainiaren eta Kristof Hiriart musikariaren laguntzarekin, haur ttipiei zuzendua (6 hilabetetik 4 urtera).

Familien eta euskararen alde lanean ari diren bi elkarteak sostengatzeko aukera ere izanen da. Lekuak mugatuak izanez, tokien erreserbatzea gomendatua da (parte hartze librea), HelloAsso webgunearen bidez.

Goiti Aire elkartearekin, diktaketa, azaroaren 10ean

Gure herriko Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak diktaketa tailerra antolatuko du, Denen Etxeko gelan azaroaren 10ean (15:00). Hots, memorioa eta hitzen plazera mantentzeko momentu atsegina izanen dela ez da dudarik.

Elkarteko kideei eta kide ez direnei zuzendua da. Tailerraren hobeki antolatzeko gisan, hobe aitzinetik izena emaitea Maiteri (07-71-86-94-55) edo Mayaleni (06-81-27-19-83). Ongi etorri deneri!


Email Facebook Twitter LinkedIn

3856. zbk

Gure Hitza | 2026/11/05

Duela 50 urteko gertakaritik ikasiak

Jean-Louis Harignordoquy

Urteroko gisa, Omiasainduz sartu gira azaroan. Aurten larunbatez dugun zazpigarren eguna igandez gertatu zen duela 50 urte. Euskal Herrian orduko errepideak gaurkoak baino meharragoak eta bihurgunetsuagoak izaiteak, ez zituen zazpi probintzietako bertsozale gazte eta zaharragoak Urepelera joatetik gibelarazi. Jadanik Gipuzkoako zonbait hiritan omendua zuten Xalbador bertsolari handia aldi hartan bere sorterrian bihotz-bihotzez goretsi nahi zuten. Goizetik txistulariek karrika eta plaza airosturik, meza nagusitik lekora, Auspoa argitaletxeak argitaratu Odolaren Mintzoa liburu berria aurkeztua izan zen eta arratsaldeko saioan kantatzerik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016