Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Azaroaren 05a
Heriotze eta Gaztaina jatea
Peio Jorajuria
Heriotze
Joan den larunbatean bere azken egoitzara segitu dugu Eliane Loustau, sortzez Grenade. 85 urtetan zendu da. Toperene-xaharrean sortua zen (Ibarlaberriaren ondoan den etxean, gaur hutsa dena). Peio eta Mayi aitamek geroago eraiki zuten haratago Iguzkian etxea. Bi anaia bazituen, Michel eta André, biak gaur zenduak. Marcel Loustaurekin ezkondu zen Eliane eta bi haur ukan dituzte, Sylvie eta Jean-Michel, eta ondotik bi seme-ttipi, Sylvie eta Pascal Verdyrenak, Baptiste eta Gabriel. Familia 40 urtez bizi izan da Urruñan, lanak harat gidaturik. Eta erretreta hartzearekin, Bidarten. Senarra galdu zuen duela bost urte. Sort-lurreko atxikimendua beti atxiki du Elianek eta astean bietan etortzen zen bere hemengo etxerat. Gure agurrik leialena doala familia osoari.
Gaztaina jatea
Azaroaren 14an, larunbat arratsez (19:00), iraganen da ohiko gaztaina jatea, Otxaldetarrak elkarteak antolaturik. Gaztainarekin batera, sagarnoa eta sagar jusa, ondotik bixkotxa. Eta betiko umore ona, kantuz alegeraki, Erramun Intzaurgaratek musikaz lagundurik. Bost euroko parte hartzearekin. Gaualdi goxo baten parada, beraz. Etorri goxoan!




