Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Azaroaren 05a
Habia Omen taldearen kontzertua, Xanoren disko berria, Maitakultura ekoizpen-etxearen azkenak, Errexil Bertsu Sariketaren azaroko saioak eta Bernard Bayle-ren erakusketa
Joseba Aurkenerena
Habia Omen taldearen kontzertua
Euskararen Urtaroak ekimenaren karira, azaroaren 15ean, igandez, Habia Omen taldearen kontzertua izanen da Itsas Mendi zinetokian (18:00). Amaia Hiriart txeloaz eta ahotsaz, Elena Haira txeloaz eta ahotsaz, Maiana Agerre arrabitaz eta ahotsaz, Patrick Fischer soinuaz, Antoine Decembri argiaz eta Kristof Hiriart zuzendaritza artistikoaz eta konposaketa eta moldapenen arduraz. Kontzertua hasi aitzin, “Guretako eztia”, Violette Bellet eta Maia Iribarne Olhagaraik nerabeekin, 16mm-tan grabatutako film laburra (10 minutu) emanen dute (18:00). Film horretan, Euskal Herriko dolu-sinesmen eta errituak aztertzen dira, heriotzaren eta erleen arteko loturatik abiatuta. Azpitituluak euskaraz. Jan-edatekoak bertan izanen dira, Urruñako ikastolako Euskaraz Bizi taldearen eskutik.
Xanoren disko berria
Jean-Marc Haltzuet Xano musikari urruñar ospetsuak disko berria plazaratu du Gure Edena zigiluarekin eta jadanik, ohiko plataformetan eskuragarri dago. Planeta – 1 izena du, eta hamar kantuz osatua da: Hil gira, Bizi, Ze xanfreta, Oker, Lur hau, Lur zena, Laño musika, Laño, Amaierako bidean eta Hilak gira. Lan sakona, gogoeta gure baitan pizten duen horietakoa, gizateriaren bide erratua, izadiaren sufrikario jasanezina, bizia eta heriotza…, korapilatuz gaurko errealitate iluna gogora dakarkigun artelan ederra.
Maitakultura ekoizpen-etxearen azkenak
Urruñako Maitakultura ekoizpen-etxetik jakinarazi digutenez, lau ekoizpen berri aurkeztuko dituzte, azaroaren 29an, igandez, herrian eginen den Loraldiberri Liburu eta Disko Azokaren bosgarren edizioan, eta baita hurrengo astean, hau da, abenduaren lehen astean, Durangon izanen den Liburu Azoka famatuan ere. Lehen ekoizpena, “Gure hitzak kanta, berriz kanta” izeneko diskoa da, eta bertan Itxaro, Borda, Francis Jammes, Joxean Artze, Manex Lanatua, Jean Giono eta beste zenbait olerkariren poema musikatuak eskaintzen dituzte. Bigarrena Amets Amado gazte arbonarraren “Lanbro” izeneko diskoa da, eta bertan egileak musika elektronikoa eta rocka uztartzen dituen mundu ilun eta atmosferikoa agerrarazten digu. Hirugarrena Eki Arizaga eta David Lakarra gazte lapurtarren Kode taldearena da. Elektronika eta instrumentazioa nahasiz, estilo indartsu eta berritzailea sortzen dute. Eta laugarren ekoizpena Tristan Murgi eta bere taldearen eskutik datorkigu. Energiaz, umorez eta bat-batekotasunez egindako rocka erakusten digute. Uzta ederra, aurten, Urruñako Maitakultura ekoiztetxeak Loraldiberri Liburu eta Disko Azokara ekarriko duena. Urruñarrok parada ederra izanen dugu ekoizpen berri horiek eskuratzeko.
Errexil Bertsu Sariketaren azaroko saioak
Errexil Bertsu Sariketa Urruñan ospatzen ari da, 2026ko urriaren 30ean hasi zen eta azaroaren 13an eta 20an jarraituko du, beti Posta gelan (19:00). Antolatzailea: Bertsolarien Lagunak elkartea. Sartzea: urririk. Tripotx jatea ostiralean. Azaroaren 6an, ostiralez, ohiko tripotx jatea izanen da Pausuko Xaia ostatuan (20:00). Sebas eta Kike soinu-joleek gaua alaituko dute. Prezioa: 35 euro. Aurtengo azken mutxiko saioak. Hilero, azken-aitzineko igandean, mutxiko saioa izaten da herriko plazan, Patxi eta Konpainiaren eskutik. Urtea bukatzeko bi saio gelditzen zaizkigu oraindik: azaroaren 22an eta abenduaren 20an. Pika eta ebats lauetan!
Bernard Bayle-ren erakusketa
Urriaren 23tik eta azaroaren 17 arte, Bernard Bayle argazkilariaren “Lanbroa harrapatzen” izeneko erakusketa izanen da ikusgai Posta gelan. Jende aunitz hurbiltzen ari da aipatu gelara, eta loriatuta ateratzen dira argazkien edertasunak liluratuta.





