Han eta Hemen | 2026ko Azaroaren 05a
Garapen Kontseiluak kide berriei ateak idekitzen dizkie
Irati Esparza Guimon
Euskal Herriko Garapen Kontseiluak kidetza kanpaina abiatu du, Iparraldearen geroaz gogoetatzeko herritar eta eragile gehiago biltzeko xedez. Urriaren 15ean aurkeztu duen deialdia kostaldeko zein barnealdeko biztanleei, elkarteei eta erakunde profesionalei zuzentzen zaie. Bakoitzaren eguneroko esperientziatik abiatuz, lurraldeko beharren eta erabaki guneen arteko lotura indartu nahi du.
1994an sortua, elkarte independenteak aholkuak eta proposamenak egiten dizkie tokiko instituzioei. Ez du hautetsien ordez erabakitzeko asmorik: politika publikoak lantzean, jendarte zibilaren ekarpenak kontuan hartzea du helburu. Horretarako, jarduera eta ikuspegi desberdinetako jendeak elkartzen ditu, desadostasunei ere lekua eginez.
2024-2026 aldian, Garapen Kontseiluak 419 kide ditu: 131 herritar eta 143 egituraren ordezkariak. Kultura, laborantza, ekonomia, osasuna, etxebizitza, ingurumena edo kirola bezalako arloak ordezkatuak dira. Herritarrak kideen heren bat inguru dira. Elkarteak azpimarratzen du ez dela adituentzat bakarrik: bakoitzak bere bizipenen bidez lurraldearen ezagutza ekar dezake, duen denboraren eta ahalen arabera parte hartuz.
Kanpaina “Iparralde 2040” desmartxaren segidan dator. 2024an eta 2025ean, ehun ekintza baino gehiago antolatu ziren herrietan, elkarteetan, ikastetxeetan eta eremu publikoetan. Orotara, 1.800 lagun baino gehiagok parte hartu zuten. Emaitzak 2025eko abenduan aurkeztu ziren Heletan, hamahiru gairen inguruan, besteak beste etxebizitza, elikadura, osasun mentala, zahartzea, euskara eta demokrazia.
Lan horretatik sei ardatz atera dira: bizi, harrera egin, zaindu, sortu, elkarlanean aritu eta engaiatu. Kontseiluak ez ditu gogoeta horiek bururatutzat jotzen; ondoko lanak elikatzeko oinarri gisa baliatzen ditu. Unibertsitate garapen eskemaren ondotik, klima eta etxebizitza planen inguruko gaiak landuko ditu. Mugaz gaindiko lankidetzan ere segituko du, LURROLA proiektuaren bidez, Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin.
Krisiek eta tirabirek markatutako testuinguruan, elkarrekin mintzatzeko guneak atxikitzea ezinbestekotzat dauka elkarteak. Kidetza xartak parte-hartzeko berdintasuna, ikuspegien aniztasuna eta bizidunen zaintza jartzen ditu erdigunean, euskara eta gaskoina hizkuntza bizi gisa aitortuz. Auzolanaren eta biltzarren ondarea biziaraziz, belaunaldien arteko loturak ere sustatu nahi ditu lurralde osoan. Kide berriak hartzearekin, gogoeta kolektibo hori zabaldu eta indartu nahi du. Kidetzeko: https://urls.fr/MwK_9U.






