Gogoa hazi | 2026ko Azaroaren 05a
Xalbadorrekin otoitzean
Mikel Erramouspe
50 urte jadanik!
Dela 50 urte, 1976 urteko azaroaren 7an zendu zen Xalbador Urepelen bere omenaldiaren egunean.
Egun eder bat zen, aroa lagun, 1500 bat jende Euskal Herri guzitik etorririk bilduak ziren goizeko mezatik haste Xalbadorren omentzeko. Mezatik landa Odolaren mintzoa liburua aurkeztu zuen Juan Mari Aranaldek eta bazkariaren ondotik hasi zen bertso saioa. Mixel Itzaina zen gai emaile. Gaitzeko trenpean ziren denak. Publikoa bero beroa. Baina, saio erditsutan Xalbador diskretuki atera zen oholtzatik.
Denbora baten buruan jakiten dugu ez zuela gurekin bururatuko saioa. Programa kanbiatzen da. Xalbadorri eskaini behar ziren opariak publikoari presentatuak dira: magnetofono bat, bi urtxo, itxura desberdin batzuk besteak beste. Horietan, Urepeleko herriak, Jesus Etxeberriaren obra bat.
Azkenean denek xutiturik kantatzen zuten “Gernikako arbola”. Poliki poliki jendea ateratzen hasi eta etxeko bidea hartzera zioalarik barreiatu zen ezin sinetsizko berria: “Xalbador pausatu da”. Istant berean irriak itzali ziren, begiak negarrez hantu. Isiltasunean eta burua apal utzi ginuen Urepele. Bascans Urepeleko erretorak zioen bezala: “Xalbadorrek egun berean iragan ditu Erramu, Ostiral Saindu eta Bazko”.
Azaroaren 10ean iragan ziren ehorzketak. Familia, herritarrak, Euskal Herri osotik etorri mundu bat bildu zen berriz ere Urepelen. Mezatik landa hil herrian ehortzi zen Xalbador. Artze anaien txalaparta soinua lagun. Ezin ahantzizko egunak.
Berriz ere Urepelen
50 urte berantago azaroaren 7an arratsaldeko 5etan larunbatarekin, izanen da Urepeleko elizan “Xalbadorrekin otoitzean” meza Artzain Ona parropiak antolaturik. Horretarako Odolaren mintzoa liburuan agertzen diren bertso batzuk hautatuak izan dira meza denboran emanen direnak. Hala nola barkamena, berri onaren aldarrikatzea, fededunen otoitza, ofertorio, bakearen eskaintzan eta nolaz ez “Jainkoa ta ni” komuniotik landa.
Bat bestea bezain barnakorrak diren bertso horiek ederki lagunduko gaituzte meza denboran otoitz egiten gure mintzairan, Xalbadorri esker.
Meza hori katiximako haurrekin prestatua da. Hauei ere zor baitiegu Xalbador eta bertso horien ezagutaraztea.
Bertso horietarik bat hautatzekotan, horra hau:
Denek dugu bakea gure mingainean
nahiz herra bazkatu bihotzen barnean
betidanik bezala, gaurko egunean,
hameka girixtinok lur hunen gainean
gerla egiten dugu zure izenean.
Jakin ere Urepelen emanak izanen diren bertso horiek berriz kantatuak izanen dira Loiolako basilikan azaroaren 15ean igandearekin goizeko 11tan.





