Azalekoa | 2024ko Urtarrilaren 11a

Gurutze Gorriaren ardura: sokorria eta soziala

M.O.

Gurutze%20Gorriaren%20ardura:%20sokorria%20eta%20soziala

Urte hastapen huntan joan gira Gurutze Gorriak duen Baionako egoitza nagusira, Jean-Pierre Arriol presidentearekin solastatu gira.

Baionako egoitza

Gurutze Gorria laguntza humanitario elkartea da. Bere helburua zailtasunean diren pertsoneri laguntza ekartzea da, izan prekarietatean direnak edo katastrofeak bizi dituztenak. Bere eginbeharra: larrialditan, lehen sokorrian, sozial ekintzan eta osasunean finkatua da.

Baionan kokatua den egoitza bi partetan osatua da. Lehen eraikinean sozial epizeria, behartuak direnek, prezio apalean, edozein janari erosten ahal dute. Bisitatu dugularik saltegia betea zen, adin desberdinetako jendez osatua. Erosketak egiten dituen pertsonak Gurutze Gorriko laguntzaile bat berekin du, ezin ditu bakarrik produktuak erosi. Itzulia egiten ari ginela etorriak ziren pertsonak arduradunak agurtzen zituen hitz goxoa emanez, hurbiltasun hori beharrezkoa dela zioen, jendea ongi sendi dadin.

Bigarren eraikina saltegia da, denetarik aurki daiteke, jauntzi, baxera, muble... prezio ezin hobean. Nornahi ibiltzen ahal da, bai erosteko, bai eta puska batzuen pausatzeko. Arduradunak zioen elkartea bizi dela saltegi horretan egin benefizioeri esker, finantza iturri handia da.

Epizeria sozialeko baldintzak

Sozial laguntzaileak igorririk epizeria sozialera etortzen dira, hartzaileak zein diren jakiteko irabazien arabera kalkulatua da. Hiru eta sei hilabete artean erosketak egiten ahal dituzte, helburua da pertsonen edo familien bizitza hobetzera laguntzea. Bururatzean egoera zertan den jakiteko, puntu bat egina da, beharrez epea luzatua zaie.

Ibili aitzin, Gurutze Gorriko sozial saileko boluntarioek pertsona horiekin lehen hitzordua finkatzen dute. Gehienetan memento dorpeak dira, zaila baitzaie bizi dutena kontatzea. Bestalde elkarteko laguntzaileen artean lan alorrean adituak baitira, langabezian direnak berriz lan munduan sartzeko segituak dira, enpresa batzuekin hitzarmenak badira. Osasun arazoak dituzten pertsonak artatzeko posibilitatea emana zaie, Gurutze Gorria sail hortako egiturekin harremanetan baita.

Karrikan bizi direnak

Arrats guziz karrikan direnen laguntzeko, hiru pertsonaz osatu kamioi batek Biarritzeko, Angeluko eta Baionako itzulia egiten du. Berekin dituela estalki, edari bero eta bereziki harrera eztia. Laguntzaile horiek formazio berezia ukana dute, jakin behar baita karrikako pertsona horiekin harreman neurtua ukaiten. Jean-Pierre Arriol-ek erraiten zaukun Gurutze Gorrian lehen urratsak gaueko laguntzaile bezala egin zituela, horri esker bizitza beste manera batez ikusten du. Jende horiekin ez da lagun izan behar, baina goxotasuna eta berdintasuna erakutsi behar da, beti muga atxikiz. Karrikako pertsonak jendartetik arrunt baztertuak dira, ezin dute gehiago lan munduan sartu. Familiarekin harremanak hautsiak dituzte, beren baitan konfiantza eskasa dute, hots bizi normal batera ezin itzuliak dira. Elkarteko presidenteak azpimarratzen zuen laguntzeko ez dela sekulan dirurik eman behar, alkohola ala droga erosteko baliatzen baitute, aldiz jatera emaitea zerbitzu egitea dela zioen.

Urgentzia eta sokorria

Gurutze Gorria prekarietatean den pertsoneri laguntza ekartzeaz gain, sortu zenetik larrialdi edo hondamendi handiak gertatzen direnean sokorritzen ditu. Hiru helburu nagusi ditu: alertatu, babestu eta salbatu. Sokorrietako elkarte eragile nagusietako bat izanez, ekitaldi handien antolaketan "Larrialdietarako Plangintza Sistema" (DPS) plantan jartzen du.

Katastrofe egoeretan biktimez arduratzeaz gain, larrialdien ondotik, epe luzean, presente dira, hunkiak direnak bizitza normalera itzularazteko. Lehentasuna emana da sokorritzaileen formatzeko, trebatuak izan behar dira operatiboak izaiteko. Ordezkaritza bakoitzak bere boluntarioentzat sokorri formazio saioak antolatzen ditu. Kostaldean 100 bat boluntario dira, Ipar Euskal Herriko gertakari handietan presente dira.

Bururatzean Gurutze Gorriko presidentea ezkor agertu da. Garai zailak direla, biziaren inflazioa dela eta, jendarte bat ongi bizi zena emeki-emeki zailtasun egoera batean sartzen ikusten duelako.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3720. zbk

Gure Hitza | 2024/01/11

Patxi Noblia gogoan

Jean-Louis Harignordoquy

Duela lau aste zendu Patxi Noblia ezagutua zen. 1965ean, Enbataren ale batzu ibilgailuan zauzkalako, mugan geldiarazi eta guardia zibilenganik 60 orenez segidan bortizki galdezkatua izan zen, gizon gazte haren ibilbidea zinez miresgarria da.

Euskal Herriko gazteek lana herrian ukaiteko, adiskide andana batek dirua prestaturik, kasik 300 langiletara heldua den Sokoa sozietatea Hendaian sortu zuen 1971n.

Muble merkatuei egokituz eta ahalaz lehen saltzailea izaitera lehiatuz, urtetik urtera Sokoa handituz joan da. Patxi Nobliak bazakien zoin beren sailean konfiantxazko arduradunen hautatzen, ekoizpena antolatzeko, saltzeak emendatzeko, langileekiko harremanetarako, eta abar. Jaz eritu arte, zuzendaritza taldearekin partekatu ditu bere bizipen eta aholku baliosak.

Xiberoa maite zuen; oroz gainetik pastoralak. Berak hala...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016