Gogoa hazi | 2024ko Urtarrilaren 11a

2024an ere baikor?

Mandio

Jendeak baitezpadakoa du itxaropenean eta elkartasunean oinarritzea bere ibilmoldea. Dena pikutara doalako sentimenduak ez garamatza inora. Entzunez gerla solasak eta ikusiz populazioen sufrikarioak "Nora doa gaurko mundu nahasi hau?" galdetzen dio bere buruari baten batek. Batzu harritzen ere dira "Gerla, Jesusen herrian ere!" iduri eta orain arte, urtez urte, palestinarrek jasana ez dela konta.

Gerla kontu, atxikiko dugu itxaropena, ez baita maluruski berria munduaren historian eta lehenago ere egin baitira sarraski ezin erranak. Normaltzat hartzen zirenak garai batean. Orain bederen salatzen dira, kondenatzen eta batzuetan gaztigatzen. Hobetze bat nonbait.

Aldiz kezka berriak sortzen zaizkio gaurko gizarteari, bertzeak bertze: AA edo Adimen Artifiziala. Nola menean atxik gure burumuinen ahalak gaindituko dituen indar hori, anitz gauza faltsu sor bai litzake, egia eta egiazkoabezain sinesgarriak. Nola bereiz? Nola kontrola ondorioak?

Bertze kezka larria: klima aldaketa edo gizakiaren eraginez hondatua izan den Izadiaren asaldatzea. Zer egin? Bakotxak bere neurrian ikas dezala zer den egokia eta araberako urratsak eman ditzala. Amets handiegia liteke ote AA hori baliatzea aterabideen aurkitzeko?

Bere mundu huntako historia luzean jendeak badu gauza eder frango eginik. Tzarrik ere. Horietarik batzu gogo onez, ez jakinean. Hala nola mundua konkistatzen hasi ziren garaian, ustez

zibilizazioa ekartzen ziotela "salbai" gaizoei. 1493an Alexandro VI orduko Aita sainduak, "inter Ceatera" bula zabaldu zuen, mundua bitan zatitzen zuena, mendebaldea portugesentzat, sortaldea espainolentzat! Bost axola hango biztanleez! Jules II Aita sainduak berretsi zuen tratu bera 1506an. Geroztik Aita Sainduen pentsamoldeak ere hobetu dira! Atxik beraz itxaropena eta ez gal umorea Etxekopar Mixelen gisan. Huna zer erranarazten dion delako Aita Sainduari "Ketariatik mundura" nano pastoral berezi bezain zoragarrian:

Gaztela eta Portugaleko erregeen ikustera et caetera et caetera...

Bai eta Tordesillasko mahats odolez gozatzera etc etc etc

Haizu naizenaz gainen Jainkoaren izenean mintzatzera etc etc etc

Zabaltzera noakizue ene "Bula Inter Caetera" etc etc etc

Lehen egiten zituzten hutsak ustekabean, orain ere egiten dituzkegu. Bihotz onez jokaturik ere. Hala ere, eraman ditzagun gure heineko borrokak, izan lurraren edo egoitzen prezioeri buruz, etorkin, pobre eta zapalduen laguntza sailean, euskararen garatze xedeetan eta abar...

Azken gai hori beti pil-pilean dago, hala nola Seaskaren arazoak herriko etxe zonbeitekin. Aterabideak lortuko dira goiz edo berant, anartean militanteak higatzen ari mobilizazio eta ekintzetan.

Batzuetan besta egiteko parada badago ere eta indarberritzeko baliagarri izaten da. Hona Mixel Etxekopar artista arraroaren bertsu baikorrak, Senpereko Kattalin Elizalde kolegio berrian iragan den besta egunekoak:

Etxahun Iruriren "Ai zer plazera" doinuan.

Sortu ta egin, sorgin ta lotu,

ez hamahiru, hameka.

Mugarik ez da kolegio hortan

borrokan ere bai besta!

Sor-gintza hortan xiberotarrak

laketzeko lanik ez da.

Zorte ona zen denetan sendi

zuen soak ikus eta.

Xalbador, Manex, Piarres, Estitxu

denak jarri ziren alde,

Arbasoa ere konbokatuz

berpizturik Etxepare!

Haurride berriaren sortzean

hasi ziren airez aire,

Honki jina zu sortuz egina

Kattalina Euskaralde!

Xiberotarrek ekarri zuten

beren hazia honaino.

Gure Etxahun Barkoxe 1 eta

Juan Sebastian Elkano 2.

Pastoral koblaz anitzez hobe

itsasoz galtzea baino,

Mundu bira bat poetisatuz

gure hitzen muineraino.

Lurretik bizia datorrela

bizidun oro senide.

Urak ere bai bere dohaina

aintziratik labur bide,

Auzo legean auzo lanean,

mila ta hameka kide,

Han ginen eta berriz izanen

haraino pozik gaki ge!

....

1Goizeko emanaldian.

2 Arratsaldekoan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3720. zbk

Gure Hitza | 2024/01/11

Patxi Noblia gogoan

Jean-Louis Harignordoquy

Duela lau aste zendu Patxi Noblia ezagutua zen. 1965ean, Enbataren ale batzu ibilgailuan zauzkalako, mugan geldiarazi eta guardia zibilenganik 60 orenez segidan bortizki galdezkatua izan zen, gizon gazte haren ibilbidea zinez miresgarria da.

Euskal Herriko gazteek lana herrian ukaiteko, adiskide andana batek dirua prestaturik, kasik 300 langiletara heldua den Sokoa sozietatea Hendaian sortu zuen 1971n.

Muble merkatuei egokituz eta ahalaz lehen saltzailea izaitera lehiatuz, urtetik urtera Sokoa handituz joan da. Patxi Nobliak bazakien zoin beren sailean konfiantxazko arduradunen hautatzen, ekoizpena antolatzeko, saltzeak emendatzeko, langileekiko harremanetarako, eta abar. Jaz eritu arte, zuzendaritza taldearekin partekatu ditu bere bizipen eta aholku baliosak.

Xiberoa maite zuen; oroz gainetik pastoralak. Berak hala...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016