Ba ote dakixu? | 2024ko Urtarrilaren 11a

Mandela (2/4)

Gilen Bacho

Mandela%20(2/4)

Mandela haurra zelarik, arrazazko bereizkeria jada existitzen zen Hego Afrikan baina arrazismo sistema hori, zeinean beltzek zuriek baino eskubide gutiago zituzten, oraino azkartuko eta hedatuko zen 1948an, Mandelak 30 urte zituelarik. Urte horretan, Afrikaners-ek, gutiengo zuriak botere guziak bazituenak, arrazazko bereizkeria instituzionalizatu zuen eta biziko sail guzietara hedatu zen.

Apartheid-a

1948an, Alderdi Nazionalak, Afrikaners alderdiarekin aliatua, hauteskundeak irabazi zituen eta apartheid sistema finkatu zuen. Ofizialki, Hego-Afrikako "populazio zuriaren" (3 milioi zirenak 1954an) iraupena segurtatzeko, "peril beltzaren" ("Swaartgevar") kontra, afrikar demografia dinamikoagoa baitzen (8 milioi pertsona 1950ean). Apartheid hitza erabiltzeko orde, hego-afrikar gobernuak "garapen bereizia" espresioa erabiltzen zuen. Arraza estatusak pertsonaren eskubideak finkatzen zituen. 1950eko legeak lau "arraza" finkatu zituen: Zuriak, Coloureds (edo Mestizoak), Beltzak eta Asiarrak. "Arrazak" bereiziak ziren eta "arraza" desberdinetako jendeen arteko ezkontzak debekatuak. Xehetasunetan sartu gabe, arrazismo sistema hori sistema hierarkiko bat zen, piramide bat zeinean zuriak gainean ziren eta beltzak beherean eta zeinean ez zen posibilitaterik "estatus" batetik bestera pasatzea. Bakarrik zuriak sistema demokratiko batean bizi ziren, herri demokratiko baten eskubide eta libertate guziekin. Alderantziz, beltzak eskubiderik gabe ziren. "Erreserba" zenbaitetan bizi behar ziren, "Bantustan" deituak zirenak (Xhosa nazioa Bantu populu bat da, Zuluak bezala). "Lurralde zurietan" sartzeko, bisa bat ukan behar zuten (usu lan egiteko). Indigena arazoen ministroak, orduan Afrikaner bat, zituen lurralde horiek kudeatzen eta tribuen buruzagi guziak kontrolatzen.

Mandela eta komunismoa

Bere bizi osoan, Mandela "zurien nagusitasun" horren kontra borrokatu zen baina sekula "nagusitasun beltz" baten finkatzeko. Mandela gaztea, ANC (Afrikar Nazional Kongresua) alderdian sartu zena 1943an, Afrikaners-ek arrazazko bereizkuntza finkatu zuten sistemaren kontra asaldatu zen baina bere tribuaren ohiko gizarte antolaketa kritikatzen zuen ere. Horretako, bere tribuaren errejentarekin kexatu zen eta alderdi komunistatik hurbildu. Mandelak ez zela sekula alderdi komunistaren kide bilakatu sostengatu du (testigu zenbaitek kontrakoa erran zuten) baina komunistak beti afrikanoen aliatuak izan zirela, apartheid sistemaren kontra, beti erran du. Mandelak, 1940ko hamarkadan, alderdi komunistak antolatzen zituen konferentzia zenbaitetan partu hartu zuen eta hor gauza "ikaragarri" bat ikusi zuen. Bilkura horietan "arraza" guzietako jendeak baziren eta nehork, iduriz, ez zituen desberdintasun horiek kontutan hartzen. Bere bizi osoan, "nahasketa" horren lortzea Mandelaren ametsa izan zen (eta ber maneraz, 1945etik goitik, ANC-ak arrazakeriarik gabeko sufragio unibertsala eta komunitateen arteko aliantza defendatzen zituen). Alderdi komunistan sartu bazen ere, gerla hotzaren testuinguruan, mendebaldeko potentzien sostengua lortzeko, Mandelak ez zezakeen hori aitortu, baina alderdi komunistarekin zaukan hurbiltasuna eta "marxismoaren influentzia" bere pentsamoldean usu aipatu zituen, baita ere 1964ko auzian (arrisku handi bat zen). Baina ez zituen batere alderdi komunistaren ideiak partekatzen erlisioneari buruz, bere populuaren erlisioneari biziki atxikia baitzen. Gainera, demokrazia liberala (partikularki herri anglosaxoietakoa) "miresten" zuen. Sustut, hego afrikar testuinguruan, Mandelak "zurien nagusitasuna" zela problema nagusia, eta ez burgesiarena, pentsatzen zuen. Eta "nagusitasun" horren kontra zen borrokatuko ANC-ko lider bat bilakatuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3720. zbk

Gure Hitza | 2024/01/11

Patxi Noblia gogoan

Jean-Louis Harignordoquy

Duela lau aste zendu Patxi Noblia ezagutua zen. 1965ean, Enbataren ale batzu ibilgailuan zauzkalako, mugan geldiarazi eta guardia zibilenganik 60 orenez segidan bortizki galdezkatua izan zen, gizon gazte haren ibilbidea zinez miresgarria da.

Euskal Herriko gazteek lana herrian ukaiteko, adiskide andana batek dirua prestaturik, kasik 300 langiletara heldua den Sokoa sozietatea Hendaian sortu zuen 1971n.

Muble merkatuei egokituz eta ahalaz lehen saltzailea izaitera lehiatuz, urtetik urtera Sokoa handituz joan da. Patxi Nobliak bazakien zoin beren sailean konfiantxazko arduradunen hautatzen, ekoizpena antolatzeko, saltzeak emendatzeko, langileekiko harremanetarako, eta abar. Jaz eritu arte, zuzendaritza taldearekin partekatu ditu bere bizipen eta aholku baliosak.

Xiberoa maite zuen; oroz gainetik pastoralak. Berak hala...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016