Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2024ko Urtarrilaren 11a
Bi heriotze - Iragan urteko harat-hunatak - Jende kontaketa - Xiril Alvarezen filma - Urtebberiko agiantzak
Bi heriotze
Urte xaharreko azken egunek herriko bi familia dolutan ezarri dituzte. Pelloneko Koxemari Aguirreberek utzi gaitu abenduaren 28an. 85 urte zituen. Izturitzeko xaharretxera erretiratua zen urte bat eta erdi huntan. Urtarrilaren 3an iragan dira haren ehorzketak, asteazken arratsaldez, jendalde ederra bildurik. Aritzakunen sortua, 1962an etorri zen familia osoarekin Pelloenera, etxetiar gisa. Artzaingoan eraman du bizia. Muslari amorratua ere zen. Eskuzabaleko gizona, François-Régis Jasnot apezak ehorzte elizkizunean erran duen bezala. Anita eta Kattalin arreberi, Maite koinatari eta ahaidego guziari gure doluzko agurrak.
Abenduaren 31n, aldiz, Bordaberriko Elixabet Iturbide, sortzez Ansolabehere Baigorri Berraukoa, da zendu. 71 urte zituen. Azken urteak jasangaitzak ukan ditu, minbizia ezin gaindituz. 1975ean ezkondu zen Bordaberriko Xanekin eta hiru haur ukan zituzten, eta ondotik zazpi haur-ttipi. Emazte zinez maitagarriaren oroitzapena utziko du deneri. Hunen ehorzte elizkizuna ere urtarrilaren 3an iragan da, asteazken goizez, familiak ahaidegoan duen Beñat Amestoy apezak kudeaturik, elizaren bete jenderekin, kanpoan ere bazirela geldituak. Gure bihotzeko agurrak Xan senarrari, Paxkal, Fabienne eta Michel seme-alaberi eta hauen haurreri, eta zabalagoki ahaidego guziari.
Iragan urteko harat-hunatak
Hamar sortze, bi ezkontza eta hamahiru heriotze izan dira jaz gure herrian.
Sortzeak - Léon Jon Aitor Loquet (Martia), Oihan Lionel Jean-Bernard Oxoby (Ganixhaurranea), Julen Nadal Oronos (Olhaberria), Eneko eta Lise Iturbide (Bordaberria), Ema Amestoy Castanchoa (Xoko Ona), Basile Robin D'Arcangues (Gure Gostura), Luka Bachacou (Axolagabe) eta beste bi, burasoek haien izenak hedabideetan agertzeko baimenik eman ez dutenak.
Ezkontzak - Xabi Jorajuria eta Laurie Larouquis, Janbattitt Oxoby eta Thérèse Trounday.
Heriotzak - Hemen bizi zirenenak edo herriz kanpo bainan hemen ehortziak: Suzanne Bidart 81 urte Piarresgorria, Annick Lesève 76 urte Baiguraxola, Michel Ducau 94 urte Beroki, Maider Oxandaboure 69 urte Dominixenea, Jean Lebrun 86 urte Murualdenea, Arnaud Berhouet 83 urte Harlepoa, Pilar Mortalena 100 urte Toki Eder, Philippe Saez 64 urte Milafranga, Frantxixa Oronos 85 urte Ibarla, Michèle Gisèle Roucoules 68 urte Otsandaburua (Bokalen ehortzia), Manez Illabona 74 urte Marttaenea, Koxemari Aguirrebere 85 urte Pelloenea eta Elixabet Iturbide 71 urte Bordaberria.
Jende kondaketa
Urtarrilaren 18an hasiko da jende kondaketa berria gure herrian. Maider Oronos eta Kattalin Sallaberry ibiliko dira etxez etxe.
Xiril Alvarezen filma
Xiril Alvarez Lixeronekoak bidaia bat egin zuen joan den martxoan Siberian eta Mongolian gaindi. Handik itzuli da film eder batekin, Kanalduderekin ontu duena. "Arima baitako bideak" film hori ikusgai izanen da urtarrilaren 12an, ostiral huntan berean (19:00), Artetxea gelan. Deneri idekia.
Urteberriko agiantzak
Badakigu nahigabeak ezagutuko ditugula aurten ere, funtsean bi ehorzketekin hasia dugu zoritxarrez urte berria. Halere deneri urte berri huntarako agiantza hoberenak eskaintzen ditugu, osagarri onarekin eta umore ona dario.










