Euskal diaspora | 2024ko Urtarrilaren 11a
Euskal Etxeen urteurrenak, Diasporan euskalduntzen, Parise eta SLC
Joseba Etxarri
EUSKAL MEZAK ONLINE. Egun hauetan Euskal Herrian da, Kaliforniatik jinik, Aita Antton Egiguren, Estatu Batuetako euskaldunen omoniera. Aita Anttonek, igande guziz meza ematen du online euskaraz eta ingelesez, urtean zehar Kaliforniako Merced-etik, eta udako partean euskal piknikak diren lekuetarik. Orain, Euskal Herrian delarik, segitzen du meza online ematen, hondarrekoa Gipuzkoako Arantzazuko Santutegitik. Heldu den igandekoa Internetez segitu nahi baduzu, huna linka: https://www.facebook.com/BasqueCatholic. Gipuzkoako Bidania herrikoa da aita Antton.
BAIONA, LAPURDI. Urte hastapen huntan, Eguberri eta urte aldaketa egun berezien ondotik Diasporak ere abiatua du epe berriko martxa. Aurten ospakizun urtea ukanen dute, konparazio, Boiseko Euskal Etxekoek, heien elkarteak 75 urte beteko baititu, eta urte osoko ekitaldiekin ospatuko dute. Bakersfield-eko 'Kern County Basque Club'ek, berriz, 80 urte beteko ditu, eta, besteak beste, 2024 NABO Convention eta Euskal Besta antolaturik ospatuko dute heldu den maiatzean. 80 urte beteko ditu baita ere, Argentinan, La Platako Euzko Etxeak; eta Argentina berean, 125 urte, Bahía Blancako 'Unión Vasca'k, eta azaroan Euskal Aste Nazionala muntatuz ospatuko du. Urtebetetze eta ospakizun gehiago izanen dira, doaike, joanen gira aipatzen txoko huntan segidako hilabeteetan.
Argentina aipatu dugu, eta udan dira orain, anitz euskal etxek ateak hesten dituzte oporren egiteko. Ez guziek, Necocheako Euzko Etxeak, adibidez, urtarril huntan Gizataldeen Azoka eta San Sebastian besta eta danborrada eginen baititu, urte guziz bezala, besta handia turismo frango biltzen duen herri hartan. Ez dira ezta ere batere bakantzatan ibiliko Argentina osoko hainbat euskara ikasle eta irakasle, Etxepare Euskal Institutuaren 'Euskara Munduan' programarekin ari direnak. Jakina denez, programa hunek formakuntza ematen die euskal etxeetako kideeri, lau urtetan euskara maila egokia hartu eta heien euskal elkarteetan euskara irakasle bilaka daitezen. 2020-2023 "uzta"ko taldeak bukatu berria du bere oinarrizko ikastaldia eta urtarril huntan Euskal Herrira, Gipuzkoako Lazkaoko Maizpide barnetegira, jinak dira, otsail hondarrera arte azken ikastaldia egiteko eta Euskal Herrian euskaraz biziz egonaldia egin eta heien ikaste-prozesua oraingoz bururatzeko. Baina ber denboran, talde berri batek, Amerikako Hego Konokoa, bere lehen barnetegia abiatuko du, zerotik hasirik, heldu den asteburuan Argentinako San Nicolas herrian, bere lau urteko ikastaldiko lehenengo urrats gisa. Biba ziek!
Beste pare bat euskal etxeren ekitaldien berri emateko lekua geratzen zaigu. Parisen, heldu den igandean, urtarrilaren 14an, Beti Gazte bazkari eta elgarretaratzea eginen dute, adineko bazkide eta lagunak ohoratuz; ondoko astean, urtarrilaren 19an, euskal-paristarrek San Sebastian sagardotegia ospatuko dute, Euskal Etxean; otsailaren 9an, Ihauteriko sagardotegia, beti ere sagardoa kupeletik edanik eta ohiko bakailao eta txuletoi menua lagun. Eta otsailean bada ere, aurten 40 urte beteko dituen Utah-ko "Annual Basque Dinner & Dance" euskal afari eta besta garaiz nahi dugu aipatu, otsaileko lehenengo ebiakoitzean, 3an, Salt Lake Cityn eginen dena, Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile. Euskal Etxeko kideak dira sukaldari, heiek prestatzen dute afaria, traguak zerbitzatzen... EEko Tristalariak dantza taldeko dantzariek ikuskizuna eskaintzen dute, musikariek eta klubeko partaideek oro laguntzen dute, enkanteak eta zozketak antolatzen dituzte eta areto handi bat jendez mukurru betetzen dute. Hortik atera diruarekin Euskal Etxearen buxetaren zati handi bat estaltzen dute. Besta, janari eta ikuskizun ederra da. Afaria bururaturik, erromeria eta dantzaldia ere badu. Nahi duena garaiz da bere tiketa online erosi eta laguntzeko, hemen: www.facebook.com/events/1076189683578675. Aupa gure diaspora!











