Han eta Hemen | 2024ko Urtarrilaren 11a
"Zero lur artifizializazio garbia"
Euskal Elkargoko hautetsiak abendu erditsutan Baionan bildu ziren, ZAN (Zéro Artificialisation Nette) programaren ondorioak zein diren gogoetatzeko, adituekin hirigintzaz, biodibertsitateaz, gai juridikoez eta arkitekturaz mintzatu ziren. Klima eta Erresilientzia legearen ondorioz, azaroaren 28an argitaratu dekretua ofizialki indarrean da. Laburbilduz, herrietan etxe eraikuntzak eginen dira lur eremu mugatuetan. Lurralde antolamenduaren etorkizuneko, garapen iraunkorraren eta lurralde berdintasunaren planaren bidez (Sraddet), herri bakoitzak lur erreserba finkoa ukanen du.
Ipar Euskal Herrian 22.500 hektarea urbanizatuak direla errana da, lurraldearen %8,5. Agertzen diren datuetan irakurtzen ahal da 2011tik 2021era, urtero, 130 hektarea eraikuntzan erabiliak izan direla.
Lege hori aplikatu beharko dela, hautetsien artean hainbat tailer antolatuak izan dira, ZAN programan diren puntuen inguruan kezkak agertu dira, eztabaida sakonak eraginez. Herriko Etxeko hautetsiak lur-funtsen kontrol publikoaren zaindari izan beharko dutela dudarik ez da. Gaur egun hektarea batean zortzi etxe-lekuetako zati anitz dira, lurzoruaren kontsumoaren %50a ordezkatzen dute, beste etxebizitza modu bat pentsatu beharko da.
Lurralde Koherentzia Eskemaren (Scot) eta Tokiko Hirigintza Planaren (PLUi) garapenaren baitan eginen da. Hautetsiek eta tokiko eragileek aldaketa hori onartzea eskatzen du. Duela urte batzuk eraikuntzarako lurraren erabiltzeak arazorik ez bazuen sortzen, hori guzia berrikusi beharko da. Aldaketa horrek herriko buxetan ondorioak ere ukanen dituela errana izan da, higiezinen lur-zergak %70 osatzen dutelako.
"Zero lur artifizializazio garbia" (ZAN) lortzeko helburua 2050erako aurreikusia da.












