Mundu zabalean | 2024ko Urtarrilaren 11a
COP 28 Bilana
Jazko abenduaren 13an, egun baten berantarekin, bururatu da COP 28 gailurra. Nahiz seinale politiko argia erakutsia izan den energia fosilen erabilpena geldiarazteko, ahalen eskasiak eta apustu teknologiko lanjerosek aterabide zuzen eta bidezkotik urruntzen gaituzte.
Energia fosilen bukaera aipatua azkenean
COP 28a munduko petrolio eta gas ekoizle handienetakoaren herrian iragan da. Hala ere edo horrengatik hidrokarburoen konbustioa gelditu beharko dela finkatu da, lehen aldikoz COP gailur batean. Negoziaketa dorpe batzuen ondorioz, azkenean munduko estatuek energia fosilik gabeko trantsizio baten engaiamendua hartu dute. Seinale politiko azkarra beraz, hidrokarburoen bukaera aipatzen baita. Ez da guti.
Gainera beste helburu bat adostu da, hemendik 2030erat energia berriztagarrien kapazitatea hiru aldiz biderkatzea, teknologia horien eraginkortasuna doblatzea pentsatzen delarik denbora berean.
Aterabide faltsueri toki gehiegi
Maluruski arazo larria heldu da lehen berri onaren tapatzerat, energia fosilen erabilpena gelditzeko eperik ez da finkatu! Horrez gain duda handiko beste opzio zonbait aipatzen dira, hala nola konbustiotik eskapatzen den karbonoaren harrapatze eta metatzea. Teknologia horiek ez dituztelarik frogak eginak, garestiak dira eta luzaroan lanjerosak. Bestalde, gasa trantsizio energia bezala presentatua da, energia fosila dela gordetuz. Hots helburu amankomunak eta engaiamendu zehatzak eskas dira.
Trantsizio bidezkoaren beharra
Herri aberats eta pobreen arteko ahalak ez dira berdinak. Konduan hartu behar da bestalde, horien erantzukizun historikoa ez dela hein berekoa, urrundik ere. Iparraldeko herri aberatsenak ari izan dira aspaldidanik, bazter guziak eta airea kutsatzen. Bereganatu duten diruari esker errexago izanen zaie trantsizio energetikoa gauzatzea eta energia fosilen dependentzia handitik ateratzeko ahal guti duten hegoaldeko herri pobreagoak trantsizioan laguntzea bidezkoa daiteke, bainan holakorik ez da aipatzen.
Denbora berean, nahi ala ez, aldaketa klimatikoa aitzina doa. Ondorioez ohartzen gira, egun guziez gehiago, bainan ez da dudarik hor ere ondorio latzenak herri pobreenek dituztela jasaiten. Aldaketari egokitzapenak martxan ezarri behar dira oraindanik. Onartu behar da Dubaiko gailurra akordio baikor batekin ideki dela, bereziki aldaketa klimatikoarengatik gaur egun herri pobreek pairatzen dituzten hondamendieri buru egiteko, herri aberats batzuk 700 milioi dolarreko dirutza hitzeman baitute.Bainan beharrak hori baino anitzez azkarragoak dira, 500 miliar dolar urteka beharrezkoak izanen direla argiki adierazia izan baita.
Ez dira hondamendiak bakarrik. Gure jendartea aldaketari osoki egokitu beharko da, izan laborantzako sistemak, uraren kontsumitzeko moldeak edo azpiegiturak, gure usaiak dira errotik berriz asmatu beharko. Horretarako "Egokitzapenerako Helburu Mundiala" deitu plangintza baten osatzea gailurrean bildu estatuek hitzeman dute. Bainan sail hortan ere hegoaldeko herrien laguntzeko ez da diru engaiamendurik finkatu.
Hemendik aitzina zer?
Gure bizi eremuko geroa segurtatzeko zer den jokoan argi gelditu baldin bada eta lehen urratsak egiteko erabaki xume zonbait hartu badira, egin behar handiak ageri dira trantsizio energetikoa eta aldaketa klimatikoari begira.
Brasilen 2025ean iraganen den COP 30eko energia fosilak bazterrean uzteko estatuek epe argiak finkatu beharko dituzte. Bakoitzak bere herrian erabakiak adostu ondoan.
Hori baino lehen, heldu den urtean Azerbaijanen iraganen den COP 29ko, hegoaldeko herri pobreeri egokitzapenerako zenbateko diru sustengua ekarriko duten herri aberatsek finkatuko da.
Jakin behar da gehienik kutsatzen duten herri aberatsek hiru urteko beranta dutela, hitzeman zuten 100 miliar urteko dirutzaren biltzea. Diru zama hori egiaztatuko delarik ez du gehiago errealitateari erantzunen, azken ebaluazioek erakusten baitute urte guziz 2.000 miliar baino gehiago beharko dela, 2030 urtetik goiti. Dakigularik joan den urtean 2.240 miliar dolar baliatuak izan direla munduko armaden azkartzeko, goratze azkarra segituz azken urte hauetan, funtsezko hautuak egiteko momentua da.











