Hegoaldean | 2024ko Urtarrilaren 11a
Euskararen egoera
M.V.
Bizkaian
Berria egunkariak Bizkaiko euskararen egoera aztertu du berriki eta egun hauetan eman dituzte azterlanaren emaitzak. Inkesta soziolinguistikoak eta karrikan egin behaketek erakusten dute euskararen ezagutza indartzen ari dela, baina horrek ez duela eragin handirik erabilpenean. Egoera horren aitzinean, adituek uste dute ezinbestekoa dela euskaldunen "aktibazio kolektiboa" sustatzea eta "baldintza egokiak" bermatzea euskara erabiltzeko.
Inkestak erakusten dituen zenbakiak kuraia hartzeko gisakoak dira, sekula baino euskaldun gehiago dagoela ageri baita. Euskara ulertzen dutenen kopurua ere azkarki emendatu da, bereziki gazteen artean. Gainera, euskararen aldeko jarrera nagusi da. Baina xehetasunetan arreta ezartzen bada, aitortu behar da oraino bide luzea gelditzen dela egiteko.
Ezagutza maila - 1991. urtean, seitik batek zekien euskara; 2011n, lautik batek; eta orain berriz kasik hirutik bat dira euskaldunak: %30,6. Horiez gain, euskara ulertzen dutenen multzoa ere handitu da, %19raino. Horren ondorioz, erdaldun elebakarren kopurua gero eta ttipiagoa da: lautik hiru ziren 1991n, eta orain herritarren erdiak dira.
Adinari behatuz, argi da euskararen geroa gazteen eskuetan dela: 34 urtetik beherakoetan, elebidunen kopurua lau aldiz handitu da, azken hiru hamarkadetan. 16-24 urte artekoetan, bortzetik bat ere ez zen euskalduna 1991n; gaur egun aldiz, kasik gazteen hiru laurden dira (%72,1). 25-34 urte artekoetan, berriz, zazpitik batek zekien euskara garai hartan, eta, orain, erdiak dira elebidunak.
Salbuespena65 urte baino gehiago dutenetan aurkitzen da. 1991n haiena zen talde euskaldunena (%26,2)eta orain, aldiz, adin horretakoak dira erdaldunenak (%15,7).
Erabilpena - Baina zorigaitzez, onartu behar da ezagutzak ez duela erabilpena bermatzen. Duela 30 urte, hiru euskaldunetarik bat erdaraz baino aiseago mintzo zen euskaraz. Orain, ordea, proportzio hori bortzetik batera jaitsi da, eta oraino apalagoa da gazteen artean, seitik lauk baitiote erdaraz aiseago aritzen direla.
Nafarroan
Gisa bereko azterketa egin da Nafarroari buruz. Hemen ere agerikoa da azken 30 urteetan euskarak garapena ezagutu duela, traba administratiboak izanik ere. Gaur egun, zazpi herritarretik bat euskalduna da, eta hamarretik batek euskara ulertzen du. Orotara, nafarren laurdenek dute euskararen ezagutza zerbait, neurketak hasi zirenetik hauteman den kopururik handiena. Gazteen artean ageri da emendatze handiena, eta ez da dudarik irakaskuntzari esker gertatzen dela hobekuntza hori.
Ezagutza - 1991. urtean, 40.167 euskaldun ziren Nafarroan; orain aldiz bi aldiz gehiago dira: 76.784. Euskara ulertzen dutenen kopurua, berriz, hirukoizteko bidean da: 19.300 ziren lehen eta 57.834 dira orain. Hazkunde horri balioa emateko, herrialdeak duen garapen demografiko handia kontutan hartu behar da, Paula Kasares soziolinguistaren ustez. 1991 eta 2021 artean, Nafarroak 142.000 biztanle baino gehiago irabazi zituen, bereziki migrazioen ondorioz. Atzerrian sortutako jende anitz etorri dira, hots euskararik ez dakitenak. Hazkunde demografiko horren barnean euskararen garapena ttipiago agertu dela azaldu du Kasaresek. 1991n, euskaldunak orduko herritarren %9,5 ziren; orain %14,1 dira, baina biztanle gehiagoren artean.
Erabilpena - Inkesta soziolinguistaren arabera, zortzi herritarretik batek erabiltzen du euskara Nafarroan. Multzo horretan bi bloke aurkitzen dira: euskaraz erdaraz bezainbat egiten dutenak, eta euskaraz erdaraz baino gutiago egiten dutenak. Lehen blokea pixka bat handitu da 1991z geroztik, bereziki gazteen artean, baina bilakaera biziki apala da.











