Gure Hitza | 2024ko Urtarrilaren 11a
Patxi Noblia gogoan
Jean-Louis Harignordoquy
Duela lau aste zendu Patxi Noblia ezagutua zen. 1965ean, Enbataren ale batzu ibilgailuan zauzkalako, mugan geldiarazi eta guardia zibilenganik 60 orenez segidan bortizki galdezkatua izan zen, gizon gazte haren ibilbidea zinez miresgarria da.
Euskal Herriko gazteek lana herrian ukaiteko, adiskide andana batek dirua prestaturik, kasik 300 langiletara heldua den Sokoa sozietatea Hendaian sortu zuen 1971n.
Muble merkatuei egokituz eta ahalaz lehen saltzailea izaitera lehiatuz, urtetik urtera Sokoa handituz joan da. Patxi Nobliak bazakien zoin beren sailean konfiantxazko arduradunen hautatzen, ekoizpena antolatzeko, saltzeak emendatzeko, langileekiko harremanetarako, eta abar. Jaz eritu arte, zuzendaritza taldearekin partekatu ditu bere bizipen eta aholku baliosak.
Xiberoa maite zuen; oroz gainetik pastoralak. Berak hala nahiz, hastapenetik urtero, Sokoak euskalgintzako eta kulturgintzako ekimen asko diruz azkarki lagundu ditu. 1979an, Sokoako irabazietan bermatuz, Hemen elkartea sortu zuen. Lantokiak sustatzeko diru biltze handiak antolaturik, hara Herrikoa sozietatea altxatua eta Patxi Noblia lehen buruzagi hautatua. Geroago, paregabeko akuilua izan da euskal enpresak Lantegiak batasunaren bitartez saretzeko eta ordezkariak sarrarazteko Merkatal Industri Ganbaran. Laborantzari doakionez, hastapenetik sustatu du EHLG eta sozietate ezberdinen bidez diruz ahal bezenbat lagundu.
Bertzalde, bizi guzian izan da egiazko abertzalea eta hegoaldearekiko loturei atxikia. Menperatzen zituen euskara batua, frantsesa eta gaztelera. Beti prest agertzen zen mugaren bi aldeetako jendeak elgarrekin lanean emaitera saiatzeko. Jende frangok erraiten zuten Euskal Herriko iparralde osoa garatzeko, hamar bat Patxi Noblia behar zitezkeela. Politika arloaere garrantzizkoa baitzaukan, lagun hurbila zuen Jakes Abeberry politikari sutsua bezain argia. Garapen Kontseiluaren kudeantzan bere taldekide guziekin, bereziki Ramuntxo Camblong, Mixel Bergouignan eta Mixel Berhocoirigoin-ekin borrokatu zen Euskal Herri departamendu baten alde. Gauzak laster ulertzen zituen, hain zen izpiritu bizikoa. Zenbat artikulu mamitsu ez ditu idatzi norabide hoberenak aurkezteko, bai eta aitzinamenduak trabatzen zituzten jokabideak salatzeko.
Bilatzen zuen hemengo ekonomiaren geroa gure gain hartzea eta gazteak karguetaz jabetzea. Bere buruari anitz eskatuz eta balio gutiko gauzetan denborarik ez galduz, bazuen dohain handia urrunera so egiteko, geroko arriskuen eta aukeren sumatzeko. Beharrezko erabakiak tenore onean hartzen zituen. Ele alfer gutiko aitzindariaren inguruan sortzen ziren isiltasuna, errespetua, lanerako gogoa. Ongi ezagutu dugunok etxekoen doluminean parte hartzen dugu.










