Han eta Hemen | 2025eko Urriaren 23a
EHLGren diru biltze kanpaina
Duela bi aste, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) bere urteko diru biltze kanpaina abiatu duela jakinarazi du. “Bihar ere laborari” lelopean, deialdia azaroaren 26a arte luzatuko du. Bere finantza orekarentzat ezinbestekoa du diru biltze kanpaina hau.
20 urteko ibilbidea
EHLG elkartea 2005ean sorturik, aurten 20 urte bete ditu. Hastapenetik, laborariak heien etxaldetan jarraikitzeko eta trantsizioak eredu herrikoi, iraunkor eta solidario bati buruz joateko engaiatu da. Trantsizio horiek hainbat lan ardatzen inguruan gauzatzen dira, besteak beste balio erantsia sortzea etxaldetan, lurraldearen garapen iraunkorra bermatzea, laborantza politiketan segipena egitea, baita etxaldeen segidarako belaunaldi berriak sustatzea.
Oro har, etxaldeen segidarako EHLGren helburua gazteak atzematea da, etxaldeen esku aldaketa lagunduz eta laborantza herrikoia biziaraziz.
Preseski, aurtengo Lurrama, azaroaren 7, 8 eta 9an iraganen dena, tematika hunen inguruan iraganen da.
Sail berri bat
EHLGk epe luzera begira lan egiten segitzen du, laster idekiko den arbolazaintzaren sail berria horren adierazle da. Hain zuzen ere, arbolazaintza aktibitate nagusia duten etxaldeak gutti badira ere, fruitu-arbolak eta fruitu-baratzeak etxalde anitzetan aurkitzen dira, fruitu ekoizpen eta transformazioak diru iturri bat sorraraziz laborari anitzentzat. Horretarako, EHLGk jakinarazi du teknikari lanpostu berria idekiko duela, Ipar Euskal Herriko ekoizleen beharrei erantzuteko, beren fruitu-baratzeak kudeatzen laguntzeko eta oro har arbolen ibilbide tekniko eta ekonomikoen sendotzeko.
Diru emaitzak
Diru kanpainak azaroaren 26a arte iraunen du, eta emaitzak molde desberdinez egin daitezke: eusko biramenduz, banku txartelarekin ehlgbai.org gunetik edo txekez. Horrez gain, iraupen luzeko banku biramendua plantan jartzea posible da.
Emaitzaren truk, zergak ordaintzen dituzten partikularrei diru ekarpenaren %66a kontutan hartua izanen zaie, enpresei berriz, %60a. Emaile bakoitzak Izar Lorea aldizkaria etxean errezibitzen ahalko du, urtean 5 alerekin.
Bestalde, diru bilketa denboran EHLGk laborari ofizioan lagundu dituen pertsona batzuen potretak zabalduko ditu sare sozialetan.
Xehetasun guziak ehlgbai.org webgunean aurki daitezke.












