Mundu zabalean | 2025eko Urriaren 23a
Gazatik nazioarteko medikuen deia
J.B.
Armak isildu dira azkenean, israeldar bahituak eta palestinar presoak libratuak izan dira. Bainan egoera larrian utzia izan da Gaza eta hamar milaka zaurituak ezin artatuz ari dira tokiko eta nazioarteko medikuak, ospitale eta azpiegitura guziak xehatuak direlarik eta giza laguntza ez delarik oraino normalki sartzen. Mugarik Gabeko Medikuek deiadarra jo dute.
Bi urteko gerlaren ondorio apokaliptikoa
Telebistako kateetan, aldizkarietan edo Internetez zabalduak diren argazki edo bideoetan ikusi ditugu jende lerro luzeak ibilki erraustuak diren bastimenduen artean. Ingurumen apokaliptikoan herritarrak aitzina joanki, ezin kasatutako bizi nahikariaren seinale.
Bastiza, bide, azpiegitura gehienak xehatuak izan dira. Hamar eraikinetarik biga baizik ez dira xutik egoiten. Eskolak proportzio handiagoan oraino hunkituak izan dira, hamarretarik bederatzi deseginak dira, bastimendu horietan aterpetzen baitziren ihes ibiltzen ziren familiak. Ospitaleak ez dira babestuak izan, alderantziz. Denak dira guti edo aski hunkituak izan, baita ere horietan ari diren langile eta sendagileak.
Bi urteko gerlaren ondorioak biziki latzak dira jendeen gogo eta gorputzetan. Nazio Batuetako Erakundeak baieztaturik, 68 mila hil kondatu dituzte Gazako osagarri saileko arduradunek, horietan 20 mila haur. Gainera 169 mila zauritu badira, frango larriki hunkituak gehienak, eta horien sendatzeko manera egokirik ez.
Nazioarteko medikuen deia
Hamar milaka kondatzen diren zaurituak ez dira behar bezala artatzen ahal, osagarri saileko azpiegitura guziak zintzilikatuak izan baitira Israelgo armadaren bonbardaketa eta tiroketetan.
Karin Huster MSF edo Mugarik Gabeko Medikuen Frantziako arduradunaren lekukotasun hunkigarria entzuten ahal da Le Monde egunkariak grabatu duen "podcast" batean. Hamar egunez mediku bezala bizi izan dituen dramak, dudak bai eta esperantzak ere adierazten ditu zuzenean Gazako ospitale batetik. Nolako bizi ezin jasana ukan duten, oraino berriki, tiroketa eta zapartatzen artetik, dronen kontrol burrunbatsua etengabean. Infernu beltzaren erdian nolako esperantza eta kuraia eman dakon bere familiaren erdia galdurik zango motz gelditu den haurraren irriño alaiak. Kondatzen dauku ere nola, urriaren 2an, haren ospitalera etortzen ziren lankideak, denak MSFko soinekoa agerian ezarririk, harrapatuak izan diren Israelgo armadako bonbardaketa batean. Mediku ergoterapeuta hil da eta beste 4 sendagile larriki zauritu. Urriaren 5ean, tregoa hasi baino lau egun lehenago, zauritu horietako bat zendu da. Hura zen Haboud izeneko sendagile trebe eta deliberatua, erredura handiak zituzten haurren sendatzeko maska egiteko molde bat aurkitu zuena. Gaitasun handiko eta bihotz zabaleko sendagilea, Karin Husterren lagun mina, MSFko 15. sendagilea eraila izan dena Gazako gerlan. Esperantza ere aipatzen dauku Karinek urriaren 9an armen arrabotsa gelditu delarik. Bainan eguneroko errealitatea beti hor da. Zaurituen artatzeko medio eskas larrian dira beti ere. Gainera ospitalean errezebitzen dituzten kolpatu eta eriak gero eta ahulagoak dira gosearengatik. Karinek dio horietarik anitzek ez dutela sendatzeko aski indarrik. Janari azkartua baitezpada behar lukete bainan paketak kamioietan blokatuak dira, oraino, Gazako mugetan.
Orotara 15.600 zauritu grabe Gazatik kanpoko beste ospitaletara berehala eraman behar direla dio OMS Nazio Batuetako Osagarri Erakundeak, horietan 3.800 haur. Deia zabaldu du nazioartean.
Nahiz akordioaren lehen fasea ongi abiatu den, egoera sanitarioa blokatua dela iduri du eta urriaren 16an, Benyamin Netanyahuk egin duen deklarazioak ez du esperantza handirik uzten “borroka ez dela bukatua” erranez.
Anartean Karin Husterren lekukotasun umil eta hunkigarriak beste argitasun bat ekartzen dauku. Entzuten ahal da “l’Heure du Monde” podcastean hamar egunez murgildurik MSFko giza laguntzaile batekin izeneko soinu muntaketa.











