Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Urriaren 23a
Xalbat Duhalde txapeldunari ongi etorri - Antzuolarrak Aiherran joan den larunbatean
Xalbat Duhalde txapeldunari ongi etorri
Duela zonbait aste, buruz-buruka 23 urtez petiko munduko pilota txapelketaArgentinaneremanik, Abarratia pilota elkarteak Xalbat Duhalde gazteari bestaño bat eskaininahi ukan dio.Joan den ortzirale arratsean titulu berezia ospatu zuten, 40 bat lagun bildurik, Denen Etxeko gela ttipian, pilota elkarteko arduradun, pilotari, pilotazale, enpresa babesle eta txapeldunaren familiakoen artean, hots giro goxoan etxekoz etxeko.
Pilota elkarte batek ez du egun guziz gisa huntako titulurik ospatzen. Fred Bereau eta Frederic Martinon ko-lehendakariek oroitarazi dute zein izan den Xalbaten ibilbidea gazte-gaztetik orain arte. Xalbatek 20 urte baizik ez baldin baditu oraino, azken 10 urtetan, 4 aldiz izan da finalista, 14 aldiz txapeldun, 3 aldiz urte berean Euskal Herriko eta Frantziako txapelketa eramanik. Tarroetan Mattin Echevertzekin elkartu zen, elkarrekin 8 titulu eremanez kategoria guzietan. Ondotik artekoetan 2023an Allande Martinonekin eta gero 2025 hastapenean helduetan hirugarren mailako txapeldun bihurtu zen Mattin Durrutyrekin batera. Bestalde buruz-buruka, 2024ko Frantziako txapeldun izan zen, titulu honi esker lehen mailara hupatuz.
Bi lehendakariek oroitarazi zuten Abarratia pilota elkartea harro izaiten ahal zela elkarteko pilotari bat munduko txapeldun bilakaturik, eta espero zutela ondotik heldu diren pilotari gazteek motibapen eta kar berarekin bide beretik segituko dutela. Munduko txapeldunaren "boina" edo txapela Xedarriko aitatxik ezarri zion buru gainean. Eta gaualdia ahamen bat janari eta edari denen artean partekatuz bururatu zen.
Goresmenak Xalbat eta aupa Abarratia pilota batasuna!
Antzuolarrak Aiherran joan den larunbatean
Duela 41 urte hasi ziren Aiherra eta mugaz gaineko Antzuola elkar ezagutzen. Joan den urtean harreman hauen 40. urtebetetzea handizki ospaturik Antzuolan eta Aiherran, aurten aihertarren aldi zen antzuolarren ofizialki errezibitzea, eta hori joan den ebiakoitzean egin zen.
Goizean Aiherrako Herriko Etxe aitzinean kafe eta bixkotx partekatu ondoan, Eñaut Elosegi aihertarraren Sasiko garagarnotegia bisitatu zuten, Apairi auzoaldean. Badu urte bat orain Sasiko enpresa sortu duela. Berak dio garagarnotegi ttipienetarikoa dela bolumen gutti egiten baitu beste garagarnotegieri konparatuz. Beste ekoizle batzuekin gogoetatzen eta antolatzen ari dira, hemengo garagarnoaren marka sortzeko. Eñaut Elosegik bere garagarnoa zuzenean saltzen du, ekoizten duen lekuan edo merkatuetan. Horrez gain, profesionalei ere saltzen die (jatetxe eta denda).
Gero Mugan lan zelaian kokatua den Eragin Fabrika bisitatu zuten, hau Xalbat Seosse-Oxarango herritar gazteak sortua. Eragin Fabrika lantegi berria da, animalea inbertitze, lanerako tresneri edo bastimendu aldetik (1.700m²-ko azalera). Hemen 3 aktibitate mota garatzen dituzte: edozein laborarien frutak eta barazkiak %100 naturaleko fruta jusetara bihurtzen dituzte, Euskola eta Abarratia garagarnoa ekoizten. Tokian berean edari desberdinak dastatu ondoan, Gozategia jatetxeak prestatu eta zerbitzatu bazkari on batekin bururatu zen eguna, giro onean,Txitxirioak txarangak lagundurik.











